Herriko aparkamendua antolatzeko 2018ko ordenantzaren lehen zirriborroaren xehetasunak azaldu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko ots. 20a, 17:38

Iazko lehen faseari jarraiki, 2018ko udan aparkatzeko bereiziko diren gune berriak eta horien funtzionamendua zein izango den argitu ditu. Sistema berria ekainaren 15etik irailaren 15era egongo da indarrean eta helburu du mugikortasun jasangarria sustatu eta herrigunean autoz egiten diren desplazamenduak gutxitzea, ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenetsiz.

Atzo arratsaldean bilera irekia egin zuen Udalak herritarrekin Alondegian 2018ko trafiko ordenantzaren nondik-norakoak azaldu eta horren inguruko zalantzak argitzeko. Izan ere, aparkamenduaren gaiak herria eta herritarrentzat duen garrantzia aintzat hartuta, ezinbestekoa iruditu zaio, iaz egin bezala, dokumentuaren xehetasunak herritarrekin partekatzea eta horren inguruan izan ditzaketen zalantza guztiak argitzea.

Aipatu dokumentuaren bitartez Udalaren helburua da uda sasoiari begira erregulazio sistema herri osora zabaltzea. Bide horretan, 2017ko lehen fasearen ostean, udal gobernua gogor aritu da lanean ordenantza landu eta sistema berria herritar ororen beharretara egokitzeko. Horretarako, hain zuzen, kontuan izan ditu uda sasoitik hona herritarrengandik  jasotako iritzi eta ekarpenak, baita azaroan eginiko 5 bilera irekietan zein bestelako komunikazio euskarrien bitartez (posta elektronikoa, udal whatsappa) jasotakoak ere.

Horiek guztiak bildu eta aztertu ostean, ordenantza berriaren lehen zirriborroa osatu zuen gobernuak eta dokumentu hori izan da, hain zuzen, ondoren mahai politiko-teknikoan aztertu eta landu dena. Mahai horretan ordezkaritza izan dute udal tekniko zein politikoek, merkatari eta ostalariek eta baita herritarrek ere.

Udal gobernuak adierazi duenaren arabera, “iaz bezala, ordenantza berriaren helburua da zumaiarrak lehenestea eta hori ardatz hartuta, herrian eta herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzea, Zumaian ibilgailuz egiten diren desplazamenduak gutxitzeko”.

Datorren asteartean osoko bilkuran behin-behineko onespena ematea aurreikusi du Udalak eta horren ostean, 21 eguneko alegazio epea irekiko da. Bien bitartean herritarrek mugikortasuna@zumaia.eus helbidera bidera ditzakete haien ekarpen edota iradokizunak.

2018ko lehen zirriborroaren xehetasunak:

2017an bezala, ordenantza berria ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean egongo da indarrean eta aparkamenduaren erregulazioa herri osora zabalduko du, hau da, erdiguneaz haratago, Poligono eremua ere erregulatuko du. Horrenbestez, iazko 4 guneez gain (Ardantzabide, alde zaharra-San Jose, Larretxo eta Arrangoleta) 2018an 5. gune berri bat egongo da, Zubitxikitik bestalderako gunea edo Poligonoko gunea, alegia.

Bertan errotazio altuko guneak Alai auzategian (Eroski inguruan) eta anbulatorio eremuan kokatuko dira eta egonaldi ertain edo TAO guneak, aldiz, itsas-kiroldegian, GKNko aurrealdean eta Axular ibiltokian. Gainerako aparkaleku guztiak bertakoentzat gordeko dira, Puntanoeta eremuan izan ezik, non, zenbait toki aparkaleku libre gisa eskainiko diren.

Erdiguneko aldaketak

Erdiguneari dagokionez, 4 guneak iaz bezala mantenduko dira, baita horien funtzionamendua ere.

Errotazio altuko guneari dagokionez, Txomin Agirre Kaiara zabalduko da (Zubitxikitik Moilaberri zubiraino) eta horrez gain, gune berria jarriko da Amaia plazako aparkalekuan. Era berean, autobusak biratzen duen eremua TAO gunea izatera pasako da eta Julio Beobide ibiltoki hasierako egoiliar aparkalekuak ere TAO gune bilakatuko dira. Gainerako aparkalekuak berdin mantenduko dira.

Behin uda sasoia amaituta, iaz bezala, sistemak indarrean jarraituko du Ardantzabiden eta errotazio altuko A gunean, hau da, Moilaberriko zubitik autobusak biratzen duen lekura arte.

Bestelako berrikuntzak

Errotazio altuko guneetan gehienez 90 minutuz aparkatu ahal izango da. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat guztiz doakoa izango da eta gainerakoek lehen 30 minutuak izango dituzte doan, herriko merkatariek egindako eskaerari erantzunaz. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da tiketa makinan inprimatzea. Eta gauza bera TAO gunean, non aparkatzeko ordu muga 6 ordukoa izango den. Kasu honetan ere, ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenek ez dute ezer ordaindu beharko eta egoiliar txarteldunek 24 orduz utzi ahal izango dute ibilgailua bertan (tiketa 6 orduro aldatuz).

Horrez gain eta iaz ez bezala, ez da egoiliar txartel mugarik egongo. 2018an etxebizitza bakoitzean gidatzeko baimena duten eta hala eskatzen duten pertsona orori emango zaio aipatu txartela. Bigarren etxebizitza Zumaian dutenek aldiz, gehienez txartel bakarra jaso ahal izango dute eta horrez gain, Zestoa eta Debako zenbait baserrietako biztanleei ere eskainiko zaie egoiliar txartela eskuratzeko aukera.

Amaitzeko, zigorrei dagokienez, errotazio altuko eta egonaldi ertaineko guneetan jarritako isunak 20€ren truke kendu ahal izango dira bertako makinetan, baldin eta isuna jarri denetik ez diren 90 minutu baino gehiago igaro.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide