ELA eta LAB sindikatuek deituriko lanuztearekin bat egingo dute hainbat udal langileek

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko ots. 27a, 14:21

Datorren asteazkenerako 4 orduko lanuztea deitu dute ELA eta LAB sindikatuek, besteak beste, zerbitzu publikoen indartzea aldarrikatu, udal eta Foru administrazioetan suntsitutako enplegu publikoa berreskuratu eta egonkortzeko, negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzeko eta galdutako eskubideak eta eros ahalmena berreskuratu eta hitzarmenak betearazteko.

Ildo horretan, Zumaiako hainbat udal langilek deialdiaren bat egin eta datorren asteazkenean, goizeko 11:00etatik 15:00etara eta 15:00-19:00 bitartean lan geldialdia egingo dutela jakinarazi du Udalak. Halaber, zenbait udal zerbitzuen ordutegiaren berezitasuna kontuan izanik, liburutegiko eta ludotekako langileen kasuan, adibidez, lanuztea 16:00-20:00 bitartean egingo dute.

Lan geldialdiak, beraz, ondorioak izan ditzake hainbat zerbitzuetan; esate baterako, liburutegia eta ludoteka itxita egongo dira. Edonola ere, dokumentuen erregistroa udaltzaingoaren eraikinean bermatuta egongo dela jakinarazi du eta horrez gain, hezkuntza zein gizarte arloko zerbitzu minimoak ere eskainiko direla ziurtatu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide