Martxoak 8

Guztionak diren espazio publikoekiko errespetua eskatu du beste behin Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mar. 5a, 17:25

Ostegunean ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, asteburu honetan Estazio auzoko tuneleko hormak margotu dituzte elkarlanean Zumaiako mugimendu feministak eta Kalea Guztiona Da mugimenduak.

Horren harira, Udalak honakoa adierazi du:

  • Zumaiako Udala bat dator asteburuan egin diren pintaketen xede zein aldarrikapenekin
  •  Pintaketen mezua bultzatu eta babesten duen arren, ez dator bat horiek egiteko jarraitutako prozedurarekin, margotze lanak inolako baimenik edo aurre kontsultarik gabe egindakoak direlako
  •  Edonola ere, 2016ko otsailean erabakitakoari jarraiki, (kartel, pankarta edo pintada oro kenduko da edozein delarik horien eduki, mezu, jatorri edota helburua) pintaden mezu eta aldarrikapenarekin ados egon arren, horiek ezabatzeko saiakera egin du Udalak, baina Kalea Guztiona Da mugimenduak garbitzaileen lana galarazi du eta larunbateko muralaren gainean beste hainbat pintada egin ditu. Zumaiako Udala ez dator bat azken pintada horiekin.
  •  Ildo beretik, Zumaiako udal gobernuak iritzi du Kalea Guztiona Da mugimendua guztiok babesten dugun Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenaz baliatu dela mugimenduaren kausa zein interes propioen alde egin eta Udalaren aurka joateko eta  gobernuaren hitzetan “hori argi geratu da langileak pintadak ezabatzera  joan direnean Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek azaldutako jarrerarekin. Halaber, jarrera horrek berdintasunaren aldeko bide eta borrokari mesede eskasa egiten dio”
  •  Herritar guztien arteko elkarbizitza egokia bermatzeko antolaketa bati jarraitzea beharrezkoa da eta kasu honetan espazio publikoen erabilera zein antolakuntza hori zuzentzea Udalari dagokiola gogorarazi du
  •  Espazio publikoak erabili edota margotzeko, beraz, ohiko prozedura jarraitzeko eskatzen du Udalak, gainerako zumaiar zein herriko elkarte edota eragile guztiek egiten duten bezala
  •  Amaitzeko, horrelako zein bestelako aldarrikapen ekintza eta ekitaldiak lagundu eta babesteko borondatea azaldu du Udalak eta ildo horretan, proposamenak entzun eta jasotzeko udaletxeko ateak uneoro zabalik daudela gogorarazi du

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide