Zabor bilketa sistema berria hobetzen jarraitzeko herritarren parte hartzea eskatu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mar. 9a, 15:07

Jada 15 egun bete ditu indarrean zabor bilketa sistema mankomunatu berriak. Aipatu sistema Urola Kosta Udal Elkarteak abiatu du elkartea osatzen duten bost udalerrietako alderdi politiko guztien adostasunarekin (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Irabazi eta Orain).

Lehen aldia da bailarako bost udalerriek bat eginik sistema mankomunatu bat martxan jartzen dutela eta ildo horretan, sistema berriak herritarrengan eragin dituen aldaketen jakitun, momentuko beharretarako moldatzeko egokitzapenak izan ditzakeela adierazi du Udalak. “Sistema berria izanik, badakigu martxa hartu ahala horren inguruan behar berriak suerta daitezkeela, horregatik, hain zuzen, sistema irekia da, hau da, egokitzapenak egin ahal izango zaizkio betiere momentuko behar zein eskaerei erantzuteko”, azaldu du alkateak, Oier Kortak.

Aita Mari kaleko espaloien zabaltze lanak

Bide horretan, esaterako, datorren astean Aita Mari kaleko espaloiak zabaltzeko lanei ekingo die Udalak, edukiontzi berriak direla-eta, oinezkoen irisgarritasun eta erosotasunerako estuegiak gelditu baitira.

Ildo beretik, zumaiarrak animatzen ditu sistema bera eta honek eragindako aldaketak hobetzen jarraitzeko proposamen edo iradokizunak egin ditzaten.

Informazio eta arreta bulegoa

Horretarako  informazio eta arreta bulegoa udaletxean zabalik dagoela gogorarazi du Udalak. Bertan, sistemaren inguruko zalantzak edota kezkak argitzeaz gain, hori hobetzeko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Bulegoa zabalik egongo da hilaren 16a arte. Ordutegia: 09:00-14:00 udaletxean eta 17:00-19:30 Eusebio Gurrutxagako Zaharren Egoitzan (lehen solairuan).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide