Bete betean murgildu da dagoeneko Udala Zumaiako Turismo Plana osatzeko azken txanpan.
Urtebetez Translokal enpresarekin elkarlanean aritu ondoren eta diagnosi zein lanketa prozesu sakon baten ostean, martxoaren amaieran zumaiarren eskura jarri zuen Udalak Planaren lehen zirriborroa, horren inguruan herritarren iritzi zein ekarpenak ezagutu eta jaso ahal izateko.
Bide horretan, dagoeneko jaso ditu bai zumaiarren, baita herriko politikari, elkarte, talde zein eragileen proposamenak eta orain horien azterketa lanetan dihardu Turismo Planaren behin betiko dokumentua osatzeko.
Hasiera batean dokumentu hori apirilaren amaieran aurkeztea aurreikusita bazegoen ere, lanketa prozesua bizpahiru aste luzatuko duela iragarri du Udalak eta horrenbestez, behin betiko Plana maiatza erdialdera aurkeztuko duela adierazi du.
Aurkezpen saioa irekia izango da eta Planaren ildo eta lan lerro nagusiak azaltzea izango du helburu. Edonola ere, aurrerago zehaztuko du Udalak aurkezpen data eta ordua.