Gaur arratsaldeko 18:00etan ezohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak eta beste hainbat gaien artean, behin betiko onespena eman dio udalbatzak aparkamenduaren antolamendua erregulatzeko 2018ko ordenantzari.
Aipatu ordenantza indarrean jarriko da datorren ekainaren 15ean eta helburu izango du, iaz bezala, urte osoan zehar eta bereziki uda sasoian aparkamenduari dagokionean zumaiarrak lehenestea eta hori ardatz hartuta, herrian eta herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzea, Zumaian ibilgailuz egiten diren desplazamenduak gutxitzeko. Onartutako ordenantzaren xehetasunak ekainean banatuko den udal aldizkarian eta tokian tokiko komunikabideetan zabalduko dituela jakinarazi du Udalak.
Hirigintza arloan, halaber, behin behineko onespena jaso dute gaurko osoko bilkuran hondartzetako erabilpena arautzeko ordenantzak eta udal baratzen ordenantzak ere. Aipatu biak udal webgunean egongo dira eskuragarri eta behin iragarkia GAOn argitaratu ostean, alegazio epea zabalduko da.
Gainerako aztergaien artean, onartua izan da ere 2018-2021 Zumaiako Turismo Plana. Ogasunari dagokionean estazio zaharreko eraikina erosteko kreditu aldaketa eta Gizarte Zerbitzuen atalean, etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena onartu dira. Horrez gain Gipuzkoako Crohn eta ultzeradun kolitisaren gaixoen elkarteak aurkezturiko egitasmora atxikitzeko adierazpena ere onartu da.
Proposamenen atalean, Jon Iraolak udal gobernu taldea utzi du zinegotzi karguari uko egin gabe, horrenbestez, aurrerantzean, inolako alderdi politikoko kide izan gabe, zinegotzi gisa jardungo du.
Amaitzeko, Mugimendu Feministako kide bati Mozal Legearen bitartez ezarritako isunaren harira EH Bilduk aurkeztutako mozioa izan da eztabaidagai. Horri lotuta, udal gobernuak azaldu du aurkeztutako plangintzatik kanpo Mugimenduak eragin zuen errepide mozketa dela isunaren arrazoia.
Mozioa aurrera atera da EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Udal gobernua abstenitu egin da.
Udal gobernuaren abstentzioaren idatzia hemen