Zumaia aski ezaguna da jada mundu mailan, bereziki Flyscha eta bertako ondare paisajistikoaren edertasunagatik. Eta edertasun horrek erakarrita hain zuzen etortzen dira bisitariak gure herria eta gure kostaldea ezagutzera. Baina, paisaiaren edertasunaz haratago, ba al dakite zein den horren balio geologikoa?
Flyscharen fenomenoa eta horren jatorria hain dira garrantzitsu zein baliotsuak, Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak Zumaia izendatu duela bi urrezko iltze edo lurraren historiarako erreferente izaera duen ondaredun munduko lehen herri gisa. Horrez gain, 2010ean Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten lurraldea, Flyscha barne, Geoparke izendatua izan zen eta 2015ean, UNESCOren munduko Geoparke sarearen baitan txertatu zen.
Eta balio geologiko eta historiko hori herritik kanpo nazioarte mailan ezagutzera emateaz arduratzen dira, bereziki, turismo bulegoa eta Algorri Interpretazio Zentroa. Turismo bulegoan, besteak beste, bisita gidatuak sustatzen dira, kanpotik datozenek aurrez aurre ikus dezaten gure ondare naturalaren edertasuna. Algorrin, aldiz, ondare horren balio historiko eta geologikoa azpimarratzen dira bereziki. “Bata eta bestearen lana, beraz, zeharo osagarriak dira gure ondarearen benetako balioa ezagutarazteko garaian” azaldu dute gobernu kideek.
Hori horrela izanik udal gobernuak interesgarritzat jo du bi eraikinak bakar baten pean biltzea, modu horretara, gainera, aipatu bien azpiegiturak hobetuz. Eta horretarako, hain zuzen, proposatu du, estazio zaharreko eraikina berreskuratzea.
“Flyscharen fenomenoa behar bezala ezagutu eta apreziatzeko, ezinbestekotzat jotzen dugu, aurrez aurre ikusteaz gain, bere balio geologiko eta historikoa ere ezagutzea eta azken atal hori, Algorrik betetzen du. Tamalez, bisitari asko ez dira egungo zentrora hurbiltzen erdigunetik aldenduta gelditzen delako. Eta turismo bulegoari dagokionez ere berdin gertatzen da, bere kokalekua baita, hain zuzen, azken hamar urteetan, bulegoan egindako inkestetan bisitarien aldetik balorazio baxuena jasotzen duena” azaldu dute gobernu kideek. “Horregatik, estazio zaharreko eraikina, erdigunean egonik, kokaleku aparta da bi eraikinak batu eta zerbitzu osagarria eskaintzeko” gehitu dute.
Edonola ere, Algorrik irakaskuntzan duen pisua aintzat hartuta, udal gobernuaren planteamendua da hori mantendu eta eraikin berrian bereziki bisitariei balio geologiko hori ezagutarazteko zerbitzu osagarria jartzea.
Estazio Zaharreko eraikina eraikin babestua da gainera, beraz, hori erosteak helburu eta balio erantsi bat du: Zumaiaren historian garrantzitsua den eraikin horren degradazio eta zaharkitze prozesua eten eta erabilera berri bat ematea, alegia.
Gaur egun, aipatu eraikina Eusko Jaurlaritzaren jabegokoa da. Hori berreskuratzeko bidean, dagoeneko hainbat aldiz bildu dira gobernu kideak Jaurlaritzako ordezkariekin eta azken horiek, begi onez jaso dute azaldutako proposamena.
Orain, elkarlanean dihardute datozen urratsen artean Udalak eraikina Jaurlaritzari erosi eta hemen aipatutako proiektua aurrera eraman ahal izateko.