Merkataritza astea Zumaian ekainaren 3ra arte

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mai. 30a, 09:21

Herenegun hasi zen urteroko Merkataritzaren astea Zumaian eta ekainaren 3a bitartean, ospakizun horren baitan hainbat zozketa, deskontu eta ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Aurtengoan “Arraspatu eta irabazi” kanpaina jarri du martxan Merkatari eta Ostalari elkarteak, eta horren bitartez, elkarteko denda zein tabernetan kontsumitzean txartel bat jasoko du bezeroak, eta zortea izanez gero, 10€ko deskontu zuzena irabazi ahal izango du.

Horrez gain, larunbatean, goizeko 10:30etik hasita arratsaldeko 19:30ak arte familian gozatzeko zumba saio zein lehiaketa egingo dira. 10:30-11:30 bitartean, esaterako, umeentzako zumba party saioa egingo da Victoriano Arrate etorbidean eta 12:00etatik 13:00etara, haurrei zuzendutako zumba lehiaketa ospatuko da, azken hau Basadi auzategian, Eguzki eta Azkue tabernen ondoko plaza txikian hain zuzen.

Arratsaldean aldiz, haur, gazte zein helduei zuzenduriko zumba saioa egingo da lehenbizi, Beheko plazan 17:00etatik 18:00etara eta zumba lehiaketa ondoren, Amaia plazan, 18:30etaik 19:30era.

Halaber, salgai jarraitzen dute turismo bulegoan merkataritza sustatzeko bonoak 40€ ordainduta 50€ko balioa duten bonoak, hain zuzen. Horiek ekainaren 3a arte gastatu ahal izango dira.

Merkataritzaren astea Udalak eta Merkatari zein Ostalari Elkarteak antolatu dute elkarlanean, tokiko merkataritza indartu eta honi bultzada bat emateko xedez. Horren harira, Udalak herritar guztiak animatzen ditu aste berezi honetan parte hartu eta bertako produktuak kontsumitzera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide