Datorren uztailaren 4an, Kontzientziazio Eguna ospatuko da lehen aldiz Zumaian, Gazte On programaren baitan jaso eta antolatua.
Kontzientziazio Egunak zaborrak eta bereziki plastikoek eragindako kutsadura izango du gai ardatz gisa, helburua izanik, gaur egun gizakiok sortzen dugun zabor gaindosiak ingurumenean eragiten dituen ondorioak ezagutu eta bistaratzea.
Horretarako, hain zuzen, egun osoko egitaraua antolatu du Udalak. Goizetik hasita, Algorriko eremuan pilatutako zaborra jaso eta txikienek Flyscheko biotopoa ezagutzeko aukera izango dute. Ondoren, jasotako zabor guztia Kofradiara eramango da herritar guztien kontzientzia lantzeko eta bertan, gazteek plastiko mota ezberdinak ezagutuko dituzte. Berrerabili daitezkeen plastikoak Andoainera eramango dira objektu berriak egiteko eta prozesu hori izena ematen duten lehen 20 lagunek ikusi ahal izango dute.
Arratsaldean, aldiz, kontzientziazio ekitaldia egingo da Aita Marin. Bertan, dokumental bat proiektatu eta egungo zabor arazoaren inguruan hausnarketa bat egingo da Bask eta Ekorec enpresa kideen eskutik.
Gazte On: ingurumena eta naturaren zaintza ardatz hartuta, gazteak herrigintzan inplikatzeko ekimena
Gazte On programa elkarlanean oinarrituta, azken legealdian udal gobernuak gazte zumaiarrentzat proposatu eta sortutako programa berritzailea da. Helburu du, hain zuzen, ikastetxeen eta Udalaren arteko elkarlanaren bitartez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin sentsibilizatzea eta auzolanetan eta herrigintzan inplikatzea eta aldi berean, gazteei beren helburuak eta ekimenak aurrera eramateko pizgarriak eskaintzea.
Ildo horretan, Gazte On programaren baitan antolatzen eta aurrera eramaten diren ekintza desberdinen bitartez, hausnarketa kolektiboa egiteko eta elkarlanerako espazioa ere sustatzen da, ingurumenaren eta naturaren zaintza izanik ekimen guztien ardatz zein helburu.