Egun hau, beraz, orain arteko lorpenak ospatu, oraindik lortu gabe ditugun oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eta beharrezko ardura eta konpromisoak hartzeko eguna da.
Zumaiako Udalak argi adierazi nahi du, sexu orientazio eta genero identitateak askatasunez bizi eta aukeratzeko dugun eskubidea. Eta, era berean, aitorpen bat egin nahi dio lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero, intersexual eta queer kolektiboen mugimenduei, baita mugimendu feministari ere, horiek sexu askatasunaren alde eta jendartean txertatuta dauden estereotipoen aurka egindako lanagatik.
Zentzu horretan, Zumaiako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:
1. Gure egitea LGBTIQ+ kolektiboko pertsonen eskubide eta askatasunak defendatzearen aldarrikapena eta ardura, sexu orientazio eta genero identitate ezberdinak bizitzeko askatasunari babesa emanez. LGBTIQ+ mugimenduaren ikurra den bandera jarriko dugu.
2. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak indartzea LGBTIQ+ kolektiboko pertsonekiko jarrerak aldatu eta aurreiritzi eta susmoak ezabatzeko.
3. Formakuntza programen edo bestelako tresna batzuen bidez beharrezko baliabideak ematea Zumaiako ikastetxe eta hezitzaileei, bazterketaren prebentzioaz gain, ikasleen nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak askatasunez garatu ahal izateko.
Azkenik, Zumaiako Udalak kolektiboaren aldarrikapenei bide emateko herriko mugimendu eta elkarte desberdinekin elkarlanean aritzeko prestutasun oso adierazi nahi du. Eta herritar guztiei dei egiten die Amalgamak taldeak gaur, ekainak 28, 12.00etan Saregileen plazan deitutako elkarretaratzean parte hartzera.