Covid-19 birusaren krisia dela eta, neurri berezia jarri dute martxan Gaztetxeko kideek eta Udalak elkarlanean. Hala, bihartik aurrera, herriko adindunen erosketak egiteko bolondres lanak egingo dituzte Gaztetxeko kideek.
Adindunak Covid-19 birusaren aurrean kolektibo zaurgarria direla kontutan hartuta, horiek etxean egotearen garrantzia nabarmendu dute erakunde eta instituzioek. Hori dela eta, Gaztetxeak eta Udalak zerbitzu hau eskaintzea erabaki dute. Bestelako kolektibo zaurgarrietako kideak ere zerbitzua baliatzera gonbidatu dituzte sustatzaileek (gaixotasun kronikoak dituztenak, aniztasun funtzionala duten pertsonak...).
Erosketa zerbitzua
Erosketa zerbitzua bihartik aurrera egongo da martxan. Erosketak egin nahi dituztenek 688757774 telefonora deitu beharko dute; sarearen koordinatzaileak erosketa zerrenda jasoko du, eta bolondres taldeari bideratuko dio. Erosketaren ordainketa etxean entregatzen den unean egin beharko dute zerbitzuaren erabiltzaileek, inolako kostu gehigarririk gabe.
Era berean, erosketak egiteko sarean bolondres moduan parte hartu nahi duten herritarrek auzolana.zumaia@gmail.com helbidera idaztera gonbidatu dituzte.