Covid-19 birusaren krisia dela eta, neurri berezia jarri dute martxan Gaztetxeko kideek eta Udal Gobernuak elkarlanean. Hala, herriko adindunen erosketak egiteko bolondres lanak egingo dituzte. Dagoeneko 65 pertsonatik gorako bolondres taldea osatu dutela ere azaldu dute, eta zaintza lanen inguruan ere ekarpena egiteko moduak aztertzen ari dira.
Udalak aste hasieran gutun bidez informazioa zabalduko die herriko pertsona adinduei. Edozein kasutan, zerbitzua behar duen edonori irekia dagoela azpimarratu dute ekimenaren antolatzaileek.
EROSKETA ZERBITZUA
Zerbitzuaren funtzionamendua
-
Zerbitzua erabili nahi duenak 688757774 telefonora deituko du. Koordinatzaileak zerbitzuaren inguruko informazioa emango dio eta laster bere auzokide bolondres batek telefonoz deituko diola esango dio.
-
Auzokide bolondresak erabiltzaileari deituko dio, nor den azalduko dio, zerbitzuaren xehetasunak azaldu eta behar dituen produktuen zerrenda (elikagaiak, sendagaiak...) hartuko dio.
-
Erosketak egitean erabiltzailearen atarira joango da bolondresa, eta bertan dagoela, erabiltzaileari telefonoz deituko dio. Erabiltzaileak portaleko atea irekiko dio, eta bolondresak etxeko atea kanpoan utziko dio erosketa. Ez da bolondres eta erabiltzailearen arteko kontakturik egongo.
-
Bolondresa atarian dagoela berriz deituko dio erabiltzaileari, eta esango dio ate aurrean utzi diola beharrezko duena. Gainera, zer moduz dagoen galdetuko dio, eta edozein momentutan behar bereziren bat badu (osasun arazoak edo bestelakoak) berari deitzeko esango dio. Hori gertatuko balitz, bolondresak Udaleko Gizarte Zerbitzuko saila erabiltzailearekin harremanetan jarriko luke.
-
Kutsatzea saihesteko, ez da zueneko kontakturik egongo inolako momentutan (harremana soilik telefonoz egingo da)
-
Erabiltzailearekin erosketaren ordainketa krisi garaia pasatzean kudeatuko da, esku-dirua erabiltzea saihesteko.
-
Bolondresak dendetan erosketa txartel bidez egingo du, eta behin banaketa egin ondoren aurreratutako dirua koordinaziotik Bizum sistemaren bidez ordainduko zaio.
Segurtasun neurriak
-
Bolondresak baldintza hauek bete beharko ditu:
-
Sukar, ahulezia, buruko min edota eztularen sintomak ez izatea
-
Covid-19 izan duen edota harekin kontaktua izanagatik koarentenan dagoen pertsonaren batekin harremanetan ez egon izatea
- Arrisku taldeetako pertsonak eta pertsona adinduak ezingo dute parte hartu
-
-
Erosketak egingo dituen pertsonak ez du zerbitzuaren hartzailearen harreman zuzenik izango. Dena den, erosketa egin aurretik eta erosketa egin ostean eskuak garbituko ditu. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren gomendioak beteko ditu egunerokotasunean.