Udalak neurri berriak jarri ditu martxan Covid19arekin lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko mar. 23a, 16:02

Herriko hainbat gune maiztasunez desinfektatzen ari da Udala, eta Urola Kostako Udal Elkarteari komertzioak suspertzeko diru-laguntza lerro berriak ateratzea aztertzeko eskatu dio.

Udala herriko zenbait gune maiztasunez desinfektatzen hasi da jada. Herri osoko galtzadak makina bidez garbitzen ari dira garbitzaileak, xaboi desinfektatzailearekin. Era berean, presiodun makinen bidez desinfektatzen ari dira supermerkatu, farmazia eta okindegietako sarrera eta inguruak, zein autobus geltokiak eta antzekoak. Gainera, beste lekuetan martxan jarritako protokoloak aztertzen ari direla azaldu du Udalak.

Horretaz gain, itxi behar izan duten merkatari txikiekin lotuta, Urola Kostako Udal Elkarteari bi eskaera luzatu dizkio Zumaiako Udalak: horiei zabor zerga etetea eta Garapen Agentziak, bere eskumena den neurrian, komertzio horiek suspertzeko diru laguntza lerro berriak ateratzea azter dezala.

Udalaren barne funtzionamenduari dagokionez ere hainbat erabaki hartu dituzte. Hala nola, presentzialki egin behar ez diren lan guztiak modu telematikoan egingo dira krisiak iraun bitartean, Gizarte Zerbitzuen saila indartuko dute beste sailetako langileek, eta herri langileak etxean egongo dira ezinbestekoak diren lanak agertu bitartean.

Bestalde, Udalak adierazi du herritarren orain arteko jarrera txalogarria izaten ari dela, eta eskerrak eman ditu horregatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide