Zumaiako jostunen sarea osatu nahi du Udalak, zumaiar guztientzat maskarilla berrerabilgarriak egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko api. 22a, 15:47

Herritar guztiei maskarilla berrerabilgarri bana bidaliko die etxera Zumaiako Udalak. Horiek fabrikatzeko material egokia lortu ostean, josteko makinak dituzten edota horiek erabiltzen dakiten herritarrei dei egiten die Udalak, Zumaiako jostunen sarea osatzeko.

Zumaiako Udalak herritar guztiei etxetara banatuko die maskarilla berrerabilgarri bana, eta horretarako, ezinbestekoa izango da herriko enpresa eta jostun boluntarioei laguntza.

Hala, maskarillak modu seguruan eta prebentzio neurriak betez sortzeko modua pentsatu ostean, Zumaiako jostunei zein josteko makinak dituzten herritarrei dei egiten die jostunen sarera batzeko. Horretarako, formulario hau bete beharko dute herritarrek: labur.eus/zumaiajosi. Telefono bidez ere egin daiteke izen-ematea: 688 75 77 70.

Udalak erositako ehuna Decotena enpresak moztuko du, eta ondoren, boluntarioen etxeetan entregatuko dute materiala, horiek maskarillak josi ditzaten. Jostunek, bideo tutoriala jarraituz, ondoren herritar guztiei banatuko zaizkien maskarak josiko dituzte.

Testatutako ehuna
Maskarilla horiek fabrikatzeko erabiliko den ehuna Sarga polipropileno motakoa da; ehun honek mikroorganismoen aurkako hesi funtzioa betetzen du, eta %99,3ko eraginkortasun testatua dauka. EN13795 arauaren baitan testatutako materiala da, eta beraz, 300 garbiketa jasateko prestatuta dago oihala. Banaketa egiterako unean jakinaraziko dizkie Udalak herritarrei maskarillaren erabilerarako arau eta irizpideak.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide