Zumaiako Udalaren adierazpena, sexu askapenaren egunaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko eka. 26a, 12:11

Udalak herritarrei dei egin die LGTB mugimenduaren eta mugimendu feministaren deialdietara batzeko, eta honako adierazpena egin du.

50 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGTBI pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGTBI pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten estreinako aldiz, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Stonewalleko gertakarien geroztik ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, une historiko aparta bizi dugu. Mundua oso astindua izan da, gure bizimoduak hankaz gora jarri dira eta "normaltasun berri" batera itzultzeaz hitz egiten entzun dugu. Hala ere, LGTBI pertsonak bezala gure gizarte-ereduak ezartzen duen arauarekiko disidenteak direnentzat, itzulera horrek diskriminaziora eta bazterkeriara itzultzea ekar dezake. Diskurtso-esparruak, konfinamenduaren kudeaketak eta deseskaladak dagoeneko erakutsi dute zerbait berrirako bide hori betiko ikusezintasunaz eta arretarik ezaz beteta egon daitekeela, hain zuzen ere diskriminazio gehien jasaten duten kolektiboei begira.

Konfinamenduak eragin negatibo espezifikoak ekarri ditu LGTBI pertsonentzat, eta argi dago ondorengo krisi sozioekonomikoak eragin horietan sakondu baino ez duela egingo. Pandemiaren aurretik zeuden errealitateak puztu egin dira: LGTBI pertsona askok indarkeria jasan dute haientzat seguruak ez diren etxeetan bizi behar izateagatik; beste batzuek arazoak izan dituzte osasun-zerbitzu espezifikoetara edo, oro har, zerbitzu publikoetara iristeko; jazarpen handiagoa jasan dute kaleetan edo lanean, eta, oro har, beren osasuna okertu, eta estres psikologikoa eta emozionala areagotu egin da, gainerakoek baino neurri handiagoan. Bazterkeria, prekarietatea eta diskriminazioa direla eta, ondorio negatiboak biderkatu egiten dira, adina, klasea, arraza edo egoera administratiboa bezalako beste ezaugarri batzuk kontuan hartzen ditugunean.

Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Covid-19aren garaian ere egin behar dugu: krisia ezin da aitzakia izan inor atzean uzteko. Garaiz gaude "normaltasun berri" hori garai berri bat izan dadin, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko aukera bat.
Horregatik, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina Euskal Herrian: garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.

Era berean, Udal honek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi nahi dugu. Adierazpenetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, bakoitzak bere giza baliabide, baliabide tekniko eta ekonomikoekin: mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu behar diren politikak.

Horregatik, Zumaiako Udalak honakoa adierazten du:

1) LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatu eta abian jartzeko konpromisoa hartzen du.

2) LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzeko konpromisoa hartzen du, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan.

3) Prestakuntza-prozesuak bultzatzeko konpromisoa hartzen du, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza-esparrurako.

4) Zeharka, LGTBI kolektiboekin, kolektibo feministekin eta adituekin identifikatutako ekintza guztien diseinu, jarraipen eta ebaluaziorako elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko espazioak gaitzeko konpromisoa hartzen du.

5) LGTBI Euskal Lege Integral bat prestatzeko eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari.

6) LGTBI Euskal Kontseilua sortzeko eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, gizarte-eragile publikoen eta pribatuen parte-hartze aktiborako espazio gisa.

7) LGTBI kolektiboko pertsonei lotzen zaizkien estereotipoekin amaitzeko eskatzen die erakunde publiko eta pribatuei.

Herritarrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak deitutako ekintzetan parte har dezaten.

Denontzako askea eta bidezkoa den Euskal Herri baten alde!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide