Zumaiako jatorri aniztasunaren mapa eguneratu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko ira. 23a, 08:54

Mapa berria webgune batean ikusgarri dago dagoeneko. Jendaurreko aurkezpena irailaren 30ean izango da, 18:30ean Gizarte Zentroan; dagoeneko zabalik dago izen-ematea.

Elkarbizitzaren gakoetako bat gure herria osatzen dugun pertsona, jatorri eta kultura ezberdinen arteko elkar ezagutza izaten da, ondoren elkar aitortzeko. Gure ingurune sozialean ustez errealitatea azaltzen duten hainbat estereotipok hartzen dute, askotan estereotipo negatiboak izaten direlarik.

Aztikerrekin elkarlanean osatutako mapa honetan jasotako datuek estereotipo horiek deseraikitzen lagundu dezakete, eta datuak eskuan izanda, hainbat ekintza egin daitezke deseraikitzearen norabidean. Datu horiek guztiak mapa birtual batean bildu dituzte, atari honetan.

Aipatutako abiapuntutzat hartuz, atari honek bi helburu ditu: alde batetik, herritarren esku, haien inguru hurbileko informazioa zehatza emango duen tresna digital erabilgarri eta ulerterraza jartzea; eta bestetik, datuen bidez elkar ezagutza sustatzea, migrazio eta jatorri aniztasunaren eremuan.

Zumaiako Jatorri Aniztasuna Zenbakitan atarira joateko klikatu ondorengo irudian:


Maparen aurkezpena hilaren 30ean

Mapa dagoeneko ikusgai dago atari honetan, baina Zumaiako Udalak herritarrekin batera saio bat egingo du mapa berria aurkezteko. Saioa hurrengo asteazkenean, irailaren 30ean izango da; 18:30ean Gizarte Zentroan (Hogarrean).

Saioa elebietan izango da, eta beharrezkoa izango da aurrez izen ematea. Horretarako berdintasuna@zumaia.eus helbidera idatzi edo 943 86 50 25 (luz. 404) telefonora deitu beharko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide