'Ekiten digitala', ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko ira. 25a, 16:05

Parte hartzaile bakoitzaren negozio-beharretara egokitutako estrategia digitala eta ekintza-plana diseinatu, eta digitalizazio arloko sei prestakuntza tailer eskainiko dira.

Eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa da EKITEN DIGITALA. 

Covid-19aren testuinguruan, azkartu egin da negozioen digitalizazio prozesua. Ezinbestekoak bihurtu dira sare sozialetako presentzia, Interneteko bilaketetan ondo posizionatuta egotea, irudi/marka digital erakargarri bat transmititzea bezeroari… Estrategikoa da, beraz, teknologia berriek negozioei eskaintzen dizkioten aukerak ezagutu eta horiek aprobetxatzen jakitea.

Egitasmoaren bitartez, eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikiei digitalizazioaren alorrean urrats bat aurrera egin dezaten lagundu nahi zaie. Bi lan-lerro nagusi izango ditu programak; alde batetik, negozioen gaineko digitalizazio-diagnostikoa egingo da; ondoren, neurrira diseinatutako estrategia digitala definitzeko. Bestetik, prestakuntza tailerrak eskainiko dira; urritik abendura bitartean. Bi orduko saioak izango dira eta online eskainiko dira; guztira, 6 tailer.

Diagnosia eta neurrira egindako estrategia digitala

Programa negozio bakoitzaren presentzia digitala aztertzearekin hasiko da. Negozio bakoitzaren digitalizazio-diagnostikoa egin ondoren, parte hartzaile bakoitzaren negozio-beharretara egokitutako estrategia digitala eta ekintza-plana diseinatuko da. Diagnositik abiatu eta estrategia proposatzerainoko ibilbidea aditu baten aholkularitza-laguntzarekin osatuko da.

Beraz, programan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da jarduera ekonomikoak gutxieneko presentzia digital bat izatea (sare sozialak edo web orrialdea). Aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Plaza kopurua mugatua da.  

Prestakuntza tailerrak

Guztira, 6 prestakuntza tailer eskainiko dira, online. Lan saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du eta urriaren erdialdetik abenduaren lehen astera bitartean eskainiko dira; asteazkenetan, goizez, 10:00etatik 12:00etara.

Saio guztiak estrategia digital egoki bat aurrera eramateko gaitasun eta baliabideak eskuratzeko diseinatu dira. Hona hemen prestakuntza-eskaintza osoa:

  • Urriak 14: Nola kudeatu sare sozialak: aholku eta jarraibideak, ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
  • Urriak 21: Iragarkiak Facebook eta Instagramen: nola iritsi zure bezerogaiengana?
  • Azaroak 4: WhatsApp Business; lortu bezeroen fidelizazioa eta handitu salmentak.
  • Azaroak 11: Amazon bezalako Marketplace plataformetan produktuak saltzeko gakoak.
  • Azaroak 25: Sare sozialetarako diseinu grafikoa (Canva plataformaren bitartez).
  • Abenduak 2: Google My Business sortu eta sar ezazu zure jarduera Google-eko mapan.

Tailerretan parte hartzeko ere, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta.

Aholkularitza eta tailerrez gain, programa martxan den bitartean (abenduak 15 arte), ekitenurolakosta@gmail.com helbidera idatzita, estrategia digitalaren inguruko edozein zalantza argitzeko aukera izango dute  parte hartzaileek. 

Argibideak eta izen-ematea:

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Enpresa Sustapena Zerbitzua (Maider Ibarbia, Johanna Pino)

  • Tel. 943 89 08 08
  • enpresasustapena@urolakosta.eus
  • jpino@urolakosta.eus

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide