Joan den osteguneko osoko bilkuran mozio bat onartu zuen Zumaiako Udalak, pediatra euskalduna bermatzea eskatzeko. Gaur egun Zumaiako osasun zentroan lanean ari diren bi pediatra titularrek, ordea, dagokien hizkuntza eskakizuna badute eta euskaraz eskaintzen dute zerbitzua.
Horregatik, udalak barkamena eskatu nahi die bereziki osasun zentroko arduradunei eta pediatrei, Osakidetzaren eta UEMAren arteko informazio trukean gaizki-ulertu baten ondorioz, eskualdeko beste herri batzuetako egoera Zumaian ere gertatzen zela zabaldu delako.
Udalak Zumaiako osasun zentroarekiko harreman ona eta elkarlana azpimarratu nahi ditu, eta eskerrak eman nahi dizkie osasun zentroko arduradunei eta langileei urte hauetan guztietan euskalduntzen egindako lanagatik. Era berean, Osakidetzari eskatu nahi dio neurriak hartzen jarrai dezala herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horrekin batera, ahal duten guztietan euskaraz egitera gonbidatu nahi ditu zumaiarrak.