Sultana Jaya da Mendebaldeko Saharako eremu okupatuetako aurpegirik ikusgarrienetako bat, Marokoko okupazio agintaritzaren aurka zuzenean borrokatzeagatik. Sultana eta haren familia tratu txar fisiko eta psikologikoak jasaten ari dira saharar herriaren autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko aldarrikapen baketsuak bertan behera utz ditzaten.
Mendebaldeko Saharako hiri okupatuetan saharar biztanleria zibilak bizi duen egoera larria salatzeko erresistentzia baketsu hori nazioarteko komunitatearen arreta jasotzen ari da.
Sultana, giza eskubideen defendatzailea, eta haren familia etxean atxilotuta dituzte Marokoko indar paramilitarrek duela 295 egun baino gehiago. Etxerako sarbidea blokeatuta daukate, eta sahararrei ez diete uzten bisita egiten.
Marokoko erregimena gerra egoeraz eta pandemiaren ondorioz mugak ixteaz baliatzen ari da Mendebaldeko Saharako okupatutako eremuetako saharar zibilen aurkako beldur eta errepresio giroa ezartzeko; izan ere, Afrikan deskolonizatu gabeko azken kolonia da, eta Espainiak jarraitzen du potentzia administratzaile izaten.
Sultana Jayaren eta haren familiaren bizitza salbatu beharra dago. Horretarako, beharrezkoa da:
- NBEri, EBri eta Espainiari eskatzea premiaz joka dezatela eta Sultana ekintzaile sahararra eta haren familia babes ditzatela, arrisku larrian, Marokoko okupazio indarrek setiatuta, bakartuta eta konfinatuta bizitzen jarraitzen baitute.
- Espainiako Gobernuari eskatzea bete ditzala potentzia administratzaile gisa dituen erantzukizunak eta, bereziki, berma dezala Sultana Jaya ekintzaile sahararraren eta haren familiaren babesa, eta eska diezaiola Marokoko gobernuari Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespetatzea.
- Bojador hiri okupatura nazioarteko mediku batzorde bat premiaz bidaltzeko eskatzea, giza eskubideen urraketa nabarmen horren aurrean ekintzaileari eta haren familiari laguntzeko.
- NBEren Segurtasun Kontseiluari eskatzea saharar herriaren autodeterminazio erreferenduma azkarrago egin dezala, Nazio Batuen zenbait ebazpenetan adostutakoaren arabera.