Mikel Eizagirre Egiguren, Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimenean saritua

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2016ko mai. 10a, 12:11

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleentzat antolatzen duen Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimenean, Zumaiako Institutuan Batxilergoa amaitzen ari den Mikel Eizagirre Egiguren ikasleak saria jaso du prosa arloko A mailan, 16-18 urtekoen mailan.

Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ikasten ari diren gazteen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartu eta euskarazko literatur sorkuntza sustatzeko asmoz antolatzen da Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena. Eta ez da asmo hutsa, Urruzuno saria irabazi duten hainbat neska-mutil egungo euskal idazle ezagunen artean daude eta.

Urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatura-lehiaketaren jarraipena da oraingo Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena eta, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa, saritutako lanek izan ohi duten maila onagatik. Urtero lan ugari aurkeztu ohi da eta horien artean sarituak izan direnak hautatzeko epaimahaia honako idazle hauek osatu dute aurten: Urtzi Urrutikoetxea, Castillo Suarez, Miren Agur Meabe, Katixa Agirre eta Leire Bilbao.

Sari-banaketa ekitaldia irailaren 5ean izango da, Elgoibarko Kultur Etxean. Ondoren, irailaren 5etik 9ra saridun guztiek literatura-egonaldi batean parte hartzeko aukera izango dute, Elgoibarko Aubixa aterpetxean. Goizetan literatura-tailerrak izango dituzte, uneoro euskal idazle bat laguntzaile dutela, eta gero, egunean zehar, beste hainbat jarduera. Beraz, idaztearen inguruan eta oro har literaturaren inguruan euren bizipenak gainerakoekin partekatzeko aukera izango dute saritutako idazle gazteok. Gainera, liburu bat argitaratuko da saritutako lan guztiekin, bilduma gisa, Sagastiberri sailean eta eskola guztietara banatuko da.

Zorionik beroenak, bada, Zumaiako Institutuko ikasle/idazle gazte honentzat, euskarazko literaturaren sorkuntza-ahaleginean erakutsitako gogo eta egindako lanagatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide