BALIOETAN HEZTEN ETA ONGIZATE EMOZIONALA LANTZEN

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2016ko aza. 14a, 17:04

Gaur egungo gizartean, daramagun bizimodua kontuan izanik, gero eta indar handiago hartzen ari dira Mindfulness-ak eta Emozioetan hezteak; hau da, erabateko arreta eta emozioen autogestioa lantzea pertsona bere osotasunean hartuta.

        Joan zen azaroaren 8an eta 9an, Zumaiako Herri Eskolako irakasleok formazio-sentsibilizazio saioa izan genuen “Atseden” taldeko  Ainhoa Zurimendiren eskutik.

       Irakasleon etengabeko formazio honetan, Hezkuntza Emozionalaren txanda iritsi zitzaigun, eta bertan Ainhoa Zurimendi psikologoak, “Balioetan hezteko eta ongizate emozionala lantzeko” hainbat aholku eta jarraibide eman zizkigun.

        Lehendabizi, balioetan irakasteari eta ikasteari buruz aritu zen:

  • Jakin-minak bultzatzen gaituela ikastera; eta jakin-min horrek motibatzen gaitu.
  • Denok ikasten dugula denongandik, edozein unetan eta egoeratan.
  • Pertsona baten helburua irakastea baldin bada, ezin duela ikastea ahaztu, etengabe ikasten jardun behar duela.
  • Oinarrizko gauzetan arreta jarri behar dugula: irakasten baino lehenago entzuten ikasi behar dugu; gure ikasleei entzuten, horrela ezagutuko baititugu. Batzuetan presaka ibiltzen gara edukiak eta egitaraua betetzeko, eta ez dugu geldiune bat egiten ikaslea hobeto ezagutzeko.
  • Hezkuntzaren oinarrian gizakia dago: komunikazioa eta entzumen aktiboa.
  • Taldearen kohesioa landu behar dugula, eta ikastetxeko arauak zehazteko irizpideak bateratu.
  • Helburua: emozioen autogestioa landuta, gizaki zoriontsu eta orekatua lortzea da. Eta horretarako 16 balio edo jarrera lantzen ditu: zoriontasuna, apaltasuna, pazientzia…

      Bukaeran meditazioari buruz hitz egin zigun; hau da, erabateko arreta edo Mindfulnessari buruz.

      Ikasgelan meditazioa bi zatitan banatzen du:

  • 3-8 urte bitartean: Haurrak barnerantz begiratu behar du, bere “etxerantz”.

                                     Isiltasunean ikasten erakutsi behar zaio.

                                     Jolas kooperatiboak erabiltzen ditu.

  • 8 urtetik gora: Pentsamenduak errekonozitzeko.

                               Arnasketan arreta jartzeko.

       Oso saio interesgarria gure lanari buruz hausnarketa sakona egiteko eta garrantzia non jarri behar dugun gogoratzeko.

http://www.zumaialhi.eus

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide