Omnes viae Romam ducunt

Antzinako esaera zaharrari jarraiki, gu ere han izan gara, Zumaiako Institutuko Arte eta Latineko ikasle-irakasleak. Urtero legez, bost eguneko bidaia zirraragarria. Balaustradak, fenestrak, arku zorrotzak, domusak, kapitel joniarrak, fontanak...Guztiak maisulanez eginiko perla irregularraren barnean, hori baita Barrokoa: sentimendua eta pasioa, maitasuna eta ezinegona.

Erromara iritsi eta berehala Barrokoaren antzerkiak harrapatu gaitu. San Carlo alle Quattro Fontane, Vatikanoaren handitasuna eta boterea. Baina konturatu gara Barrokoa ez dela antzezlan hartako aktore bakarra. Izan ere, Errenazimenduaren paper nabarmena aipatu behar dugu: Leonardo eta bere sfumato teknika bikaina, Michelangeloren terribilità eta hiru dimentsioak espazioan. Gozatutako maisulanak anitz izan dira: Pietà, Moises, Jakintzaren Eskola, Kapera Sixtinoko freskoa.

Ikusgai izan ditugu antzinako Erromatar Inperioaren zantzuak ere: Koliseoarekin liluratu, Erromako Foroarekin hunkitu, eta gogoeta sakona egin dugu: inperioaren oinarrian indarkeria zegoen.

 Txaloak, argiak itzali, oihala behera eta ikuskizun hura amaitu da.

Abiadura handiko trena. 250 kilometro orduko, ehun minutu, Firenze.

Eraikin bat herriaren izaeraren hizpide, Duomo. Merkataritza gaur, merkataritza atzo. Medici atzo, Medici gaur. Ondorioa, Brunelleschiren kupula oktogonala; Uffizi Galeria (Botticelliren Udaberria, Caravaggioren argi-ilunak, eskortzoaren Mantegna).

Eta amaitzeko, bidaiaren onena, bizikidetza. Aldarte ezin hobean igaro ditugu egunak. Bakoitzak duen onena erakutsi du eta etorkizunean fruitua emango duten erlazioen oinarriak finkatu dira.

Horretaz guztiaz gain, bada gauza bat bidaia honek irakatsi diguna:

"Omnes viae Romam ducunt".

 

Boeing 737-800 Ryanair hegalditik,

Ekain Albite eta Amaia Zubimendi

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide