EUSKARAREN EGUNA

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2017ko aza. 30a, 10:24

EUSKARAREN EGUNA izango dugu abenduaren 3an. Honen harira, Zumaiako Herri Eskolan egitarau oparoa prestatu dugu eskolako komunitatea osatzen dugun guztion artean. Egunaren aurretik, mailaz maila prestaturiko leloak leihoetan eta bi eraikinetako toki esanguratsuetan jarriko dira. Abenduaren 1an, ostirala, bi eraikinetan ospatuko da eguna, bai Aita Marin eta baita Sagarbiden ere.

Hasteko, sarrera-irteera orduetan megafoniaz entzungo dira gure abesti maiteak.

Honekin batera, Udaleko Euskara aholku Batzordean prestaturiko egutegiak eta eskolan egindako pegatinak  banatuko dira gela guztietan.

 Ondoren, emanaldiak etorriko dira:

·   Aita Marin, goizez kantu emanaldia izango da. Haur Hezkuntzako maila bakoitzak aurrez prestatutako kanta eskainiko du. Arratsaldean, berriz, euskal jolasak denen gozamenerako: lokots bilketa, sokatira, zaku-karrera, aulki-jolasa,…

 ·   Sagarbiden, arratsaldean izango da saioa. Lehen Hezkuntzako maila guztiak gimnasioan bilduko dira kantu-saio eder bat eskaintzeko. Irakasleek ere beren ekarpena egingo dute. 

 Ilusio handiz egin dugu lan aurretik Euskararen Egun hau benetan ederra izan dadin. Ez dadila egun bateko kontua izan. Urteko gainontzeko egunetan ere ilusio berberarekin jarrai dezagun euskararen alde.

 Gure Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan azaltzen den bezala:

 ·   Eskola euskalduna gara. Euskal kultura ezagutarazten duena eta euskararen erabilera bultzatzen duena. Ikasleriaren eleaniztasuna bultzatuz, beste kultura eta hizkuntzetara irekita dagoena.

 ·   Eskola barneko nahiz kanpoko ekintzetan, euskararen erabilera suspertzea eta sendotzea da gure helburuetako bat.

Zergatik ospatzen da abenduaren 3an?

https://eu.wikipedia.org/wiki/Euskararen_Nazioarteko_Eguna

Herri mailan ere, egitarau oparoa prestatu dute.

http://www.zumaialhi.eus

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide