Zumaiako Herri Eskolako Institutuko 1. Batxilergoko ikasleek diskoa grabatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2024ko mai. 24a, 11:07

Batxilergoko 1. mailan, musika ikasgaian, sormenaren inguruan aritzen gara lanean gehienbat. Ikasleak musika sortzen jarduten dute modu desberdinetan: inprobisatuz, aldaerak eginez… Ikasturteko azken proiektu gisa, ikasle bakoitzak kantu bat sortu behar du. Aurten ere, kantu aski ederrak sortu dituzte!

Kantu horiek, behin moldatu eta gero, Zarautzen, Mikel Kazalisen estudioan, grabatu ditugu, eta CD formatuan argitaratuko ditugu. Grabaketarako, ikasgaia landu duten ikasleek jotzen dituzten tresnez gain, beste tresna-jotzaile batzuen beharra izan dugu, eta horretarako, gure ikasle eta ikasle ohien laguntza izan dugu. Denen artean, talde bikaina osatu dute bene-benetan.

Taldeari izena jarri behar izaten diote, eta aurtengoan Merescut izan da aukeratu dutena (merezitakoa esan nahi du, katalunieraz)

Alderdi musikalaz gain, diskoaren lanketan bestelako laguntzak jaso ditugu. Azala, adierazpen artistikoa gaia lantzen duten 4. DBHko ikasleen ardura izan da. Maketazioa, berriz, ZIG gelako ikasleen esku egon da.

Oraindik ez dugu diskoa jaso, azken nahasketak falta baitira, baina esan dezakegu oso gustura geratu garela grabaketarekin.                  

Behin diskoa jaso orduko,  salgai jartzeko asmoa daukagu, eta bertan lortutako irabaziak Sahararen alde lanean diharduen Darahli elkarteari  helaraziko dizkiogu. Jakinaraziko dugu non eskuratu ahal izango den ale bat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide