Zumaiako Herri Eskolak erakusketa berezi bat aurkeztuko du Zumaiako Oxford aretoan aste honetan, Txikipedia proiektuaren baitan egindako lana herritarrei erakusteko asmoz. Asteazkenetik ostiralera egongo da erakusketa; lehenengo hiru egunetan goizean nahiz arratsaldean egongo da irekita (11:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 18:00etara), eta ostiralean, berriz, goizez bakarrik.
Hezkuntza, sormena eta dibulgazioa uztartzen dituen egitasmo honek urte hauetan zehar hainbat erakunderen lankidetza izan du. Lehenengo urtean, Aquariumarekin elkarlanean, arrainen inguruko lanketa egin zuten; bigarren urtean, Pagoetako Parke Naturalarekin batera, landare itsutasunaren gaia landu zuten; eta aurten, Soinuenearekin elkarlanean, musika-tresnen inguruko proiektua garatu dute.
Aurtengo edizioan, proiektuak adin eta etapa desberdinetako ikasleen arteko lankidetza bereziki aberasgarria ekarri du. Irudiak 4. mailako ikasleek egindako collage-ak dira, eta artikuluak Batxilergoko lehenengo mailako musikako ikasleek prestatu dituzte. Horrela, sormena, ikerketa eta jakintza partekatua uztartu dituzte egitasmo berean.
Urtero bezala, proiektuaren azken emaitza poster batean bildu dute. Bertan, ikasleek sortutako irudi guztiak ikus daitezke, eta, gainera, posterrak QR kode bat dauka; kode hori eskaneatuz, zuzenean irekitzen dira landutako musika-tresnei buruzko Txikipediako artikuluak. Horrela, ikasleen lan artistikoa eta eduki digitala uztartzen dira, ezagutza modu erakargarri eta irisgarrian zabalduz.
Bestalde, joan den astean bailarako ikastetxe publikoetan izan zen Zumaiako Herri Eskolako proiektuaren berri ematen, eta aurtengo posterrak oso harrera ona izan zuen guztietan. Egindako lana interes handiz hartu zuten, eta horrek agerian utzi zuen proiektuaren balio hezitzailea eta zabalkunderako duen indarra.
Erakusketa honek balioan jartzen du ikasleek egindako lana, baita ikaskuntza-prozesuan elkarlanaren, jakin-minaren eta inguruko erakundeekin sortutako loturen garrantzia ere. Zumaiako Herri Eskolak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu erakusketa bisitatzera eta azken hiru urteotan egindako ibilbide aberatsa gertutik ezagutzera.