Euskal Pilota Selekzioak bere lehen txapelketa ofizialean debutatu izana ospatu du EAJk: "Egun historikoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ

Aitor Esteban "harro" agertu da alderdi jeltzaleak "zeresan handia izan duelako” aldarrikapenari bide ematea lortzean, eta gogora ekarri du EH Bildu abstenitu egin zela Estatuko Kirolaren Legearen bozketan.

"Egun historikoa da". Hiru hitz horiekin laburbil daitezke Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Gernikako Jai Alai pilotalekuaren aurrean eman dituen adierazpenak, Euskadiko Pilota Selekzioak atzo hasi eta ekainaren 6ra arte Euskal Pilotaren Nazioen Ligako txapelketa ofizialean debuta egin baino lehen. "Gaur kirolariak daude Euskadiko elastikoa jantzita eta nazioarteko txapelketa ofizial batean Ikurrinaren azpian desfilatzen, eta hori aurrerapauso handia da eraikuntza nazionalari dagokionez", nabarmendu du.

Estebanek gogorarazi du EAJ-PNVk 2022ko urrian lortu zuela Estatuko Kirolaren Legeak autonomia-erkidegoetako kirol-federazioek nazioarteko lehiaketetan zuzenean parte hartzea onartzea "dagokion autonomia-erkidegoan historian eta gizartean errotuta dauden kirol-modalitate edo -espezialitateen kasuan, edo dagokion Espainiako federazioa eratu aurretik Federazio autonomikoa nazioarteko federazio bateko kide izan bazen".

Aurreko legealdiko inbestidura-akordioaren 11. puntua betez, alderdi jeltzaleak lege-aldaketa hori bultzatu eta ahalbidetu zuen Kongresuan, "Euskadiren nazioarteko ordezkaritza kirol- eta kultura-eremuan sustatzeko bideak irekitzeko" deia eginez. Hala ere, EH Bilduk ez zuen Kirolaren Legea babestu. "Tristea da Bilduk aldarrikapen historiko hau babestu nahi ez izana", deitoratu du Estebanek.

Lege-aldaketa horren ondoren, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren (FIPV) Batzar Nagusiak iazko abenduan erabaki zuen Euskadiko Pilota Federakuntza-Federación de Pelota Vasca de Euskadi (EEPF-FPVE) federazioan sartzeko eskaera bideratzea.

EAJ-PNVk berriro aitortu eta aldarrikatu nahi ditu Alderdiko ehunka kidek eta euskal federazioetako arduradunek euskal selekzioen ofizialtasunaren alde egin duten lana, bai eta beren konpromiso eta dedikazio osoa ere.

 

Zumaiako EAJ-PNVk gonbita egiten die nahi duten herritarrei, astezkenean, hilak 4 arratsaldeko zazpiretan, Eusebio Gurrutxaga plazako Batzokira hurbiltzeko eta Euskal Selekzioak Espainiako Selekzioaren aurka jokatuko duen partida elkarrekin ikusteko. Mokadutxoa gure kontu.

Ez galdu aukera eta anima dezagun gure selekzioa!!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide