Zumaiar talde bat Euskadiko Pilota Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna ospatzeko elkartu da

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ

Zumaiako herritar talde bat Euskadiko eta Espainiako emakumezkoen pilota selekzioen arteko partida baliatuta Euskadiko Pilota Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna ospatzeko elkartu da. Une historiko hau ospatzeko bilkura hunkigarria izan da, eta ekimenaren bidez nazioarteko aitortzaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute.

“Hau hamarkadetako borroka luze baten emaitza da, eta uste osoa dugu lorpen hau Euskal Selekzioen nazioarteko aitortzarako urrats esanguratsua izango dela”, adierazi dute bertaratutakoek. “Gure herrian lorpenak beti izan dira lan eta konpromisoaren emaitza; pausoz pauso aurrera egin behar dugu helburu nagusira iritsi arte, eta oraingo hau urrats handi bat da gure herriaren nazioarteko aitortzarantz”.

Ekitaldian aitortza berezia egin diote Gotzon Enbili, Euskadiko Pilota Federazioko presidente gisa prozesu honetan izan duen paperagatik. Enbil lantalde zabal baten kide izan da, eta federazioko buru bezala egin duen lana nabarmendu dute: “Harro gaude zumaiar bat izatea lorpen historiko honen protagonista nagusietako bat. Bere dedikazioa, ekimena eta herriaren alde egindako lana eskertu nahi dizkiogu”, azpimarratu dute.

Ekimena giro hurbilean ospatu dute, eta partaideek ilusioz eta konpromisoz adierazi dute lanean jarraituko dutela Euskal Herriaren kirol- eta nazio-aitortzaren bidean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide