Udalean EAJren ordezkari izan diren emakumeei omenaldia egingo zaie

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ 2026ko martxoaren 6a

Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa berresten dugu.

Zumaiako EAJtik omenaldia egingo diegu datorren igandean, hilaren 8an, 1979ko lehen udalbatza demokratikotik gaur egunera arte udalean alderdiaren ordezkari izan diren emakume guztiei. Ekitaldia goizeko 11:00etan izango da herriko batzokian, Mendaro Marinela kalean.

Argi dugu emakumeen ahalduntzea ez dela asmoen adierazpen huts bat izan behar, ekintza zehatzekin berretsi dugun benetako konpromisoa baizik. Emakumeek kargu publikoetan, alderdi barruan eta hauteskunde-zerrendetan duten parte-hartze aktiboa da gure berdintasun konpromisoaren islarik onena.

Ildo horretan, harrotasunez gogoratzen dugu EAJ-PNVrena izan dela Zumaian emakume bat buru izan eta alkatetzara iritsi den hautagaitza bakarra. Mª Eugenia Arrizabalaga Olaizola izan zen herritarrek zuzenean hautatutako lehen alkatea; gure alderdiak emakumeen lidergoarekin eta erabakiguneak irekitzearekin duen konpromisoaren mugarri nagusia.

Aitortza hau Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunean kokatzen dugu. Udal-bizitzan parte hartu dutenen ibilbidea balioesteaz gain, gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta inklusiboago baterantz aurrera egiten jarraitzeko dugun borondatea berresten dugu; emakumeek bizitza publiko eta politikoaren eremu guztietan funtsezko zeregina betetzen jarraituko duten gizarte baten alde, hain zuzen.

Gonbidapena

1979tik gure udalerriaren historiari emakumeek egindako ekarpena gogoratzeko eta baloratzeko ekitaldia igandean ospatuko dugu, 11:00etan, Zumaiako batzokian. Zumaiar guztiak gonbidatu nahi zaituztegu parte hartzera eta ahaleginak batzen jarraitzera, berdintasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide