Azaroaren 11ko greba orokorra

Zumaiako EAJren adierazpena grebaren, errespetuaren eta bizikidetza demokratikoaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ

Batzokiaren atarian agertu zen pintaketa atzo. (EAJ)

Euskadiko etxebizitzaren egoerarekiko kezka benetakoa dela esan du EAJk, eta gogorarazi du "erantzunak eskatzen dituen arazoa" dela. Halaber, adierazi du euskal erakundeetatik lanean ari direla "aurre egiteko neurri zehatzak sustatuz". Atzo, etxebizitza eskubidearen aldeko greba egunez, Zumaiako batzokiaren aurrean agertutako pintaketa salatu du EAJk. Honako gutun hau kaleratu du alderdiak.

Grebarekin bat egitea erabaki dutenen eskubidea erabat aitortzen dugu, baina errespetu bera eskatu behar zaie grebarekin bat ez egitea erabaki dutenei ere. Greba egiteko askatasunak, ezinbestean, grebarik ez egiteko askatasuna ere badakar. Inork ezin dio bere borondatea besteei inposatu presioen, mehatxuen, jazarpenez edo larderiazko jokabideen bidez.

Eta gaur bizi izan dugunak, merkataritza establezimenduen zein negozioen nahiz EAJren aurkako pintaden, erasoen eta seinalamendu ekintzen irudiek greba deialditik haratago doan hausnarketa eskatzen du.

Asteartean Memoriaren Eguna ospatu genuen Euskadin. Oinarrizko printzipio bat partekatzen genuela esaten genuen eguna izan zen: indarkeriak ez duela berriro gure kaleetara itzuli behar eta ideologia politiko edo sozial batek ezin duela haren erabilera justifikatu. Inposizioa, mehatxuak, larderia eta erasoak, baita hitzezkoak ere, indarkeria adierazpenak dira, eta bateraezinak dira gizarte demokratiko batekin.

Hala ere, horixe bera bizi izan dugu berriro gaur. "Partekatzen genuela esaten genuen" diogu, errealitateak berriro erakutsi digulako, ezker abertzalearen sektore nagusien kasuan behintzat, oraingo honetan Ernairen bitartez, esaten denaren eta egiten denaren artean alde handia dagoela oraindik.

Bereziki kezkagarria da, beste behin ere, zailtasun edo desadostasun politikoen aurrean, EAJri herri honen zorigaitzen erantzukizuna eta konplizitatea egoztea, hura gutxiestea eta seinalatzea. Gure historiako beste garai ilun batzuk gehiegi gogorarazten dizkigun estrategia da; garai haietan ere EAJ "laguntzaile" gisa aurkeztu nahi izaten zuten Euskadin gertatzen ziren gertakari lazgarrien aurrean.

Galdera bat egin behar diogu geure buruari: zer izango zen herri hau EAJk hamarkada luzez indarkeriaren, enfrentamenduaren eta proiektu politiko jakin batzuk indarrez inposatzeko ahaleginen aurrean jarri duen euste hesirik gabe?

Baina EAJk Euskadiren historia hurbilean izan duen eginkizuna ez da horretara mugatzen. Herri hau eraikitzen ere protagonista izan da, bai haren garapen instituzionalean, ekonomikoan eta sozialean, bai herritarren bizi baldintzak hobetzeko lanean. Hori ere gure memoriaren eta historiaren parte da.

Eta etxebizitzaz ari bagara, gogora ekarri behar dugu Zumaiako udal gobernuan egon den garaietan EAJk ehunka babes publikoko etxebizitza sustatu eta garatu dituela. Gainera, bada bereziki aipagarria den xehetasun bat, ahaztu behar ez dena: udaletik bultzatu eta garatu dituen etxebizitza babestuen sustapen nagusiak EAJren agintaldietan gauzatu dira.

Horregatik, bereziki deigarria da gaur egun EAJ herri honetako etxebizitza arazo guztien erantzule bihurtu nahi dutenek alderdi honek udal gobernuan erantzukizunak izan dituenean arlo horretan egin duena ahazten saiatzea. Historia gertakariekin eraikitzen da, ez leloekin eta interes jakineko seinalamenduekin.

Badirudi batzuek historia ahaztu beharra dutela beren kontakizuna eraikitzeko. Gaur egun seinalamendura eta deskalifikaziora jotzen duten gazte horiei ez litzaieke gaizki etorriko kultura orokor pixka bat gehiago eta, batez ere, Euskadiren historia hurbilari buruzko ezagutza handiagoa. Memoria ezin da selektiboa izan, ezta norberaren diskurtsoari komeni zaionean bakarrik erabiltzeko tresna ere.

Memoriak koherentzia eskatzen du. Ez da nahikoa ekitaldi instituzionaletan edo batzuen indarkeria gaitzestea; indarkeria beti gaitzetsi behar da, datorren tokitik datorrela ere –"gorritik" zein "urdinetik"—, gure kaleetan agertzen denean, bestelako iritzia dutenen aurka zuzentzen denean eta besteen askatasuna baldintzatu nahi duenean.

Azkenik, etxebizitzaren inguruko eztabaida ere zabaldu beharra dagoela aldarrikatu nahi dugu. Etxebizitza arazoari eman beharreko erantzunak errealitate guztiak hartu behar ditu kontuan, eta aukerak eskaini behar dizkie bai alokairuan bizi behar dutenei, bai etxebizitza erosi nahi dutenei.

Eskubide sozialak defendatzea norbanakoaren askatasuna, errespetua eta bizikidetza defendatzea ere bada. Ez dago inposizioa, larderia edo indarkeria justifika dezakeen aldarrikapen legitimorik. Eta gure memoria demokratikoarekiko koherentziak hori beti erakustea eskatzen du, ez diskurtsoak edo kanpainak egiteko txanda iristen denean bakarrik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide