Kokein ere izango dugu txosnagunean. Eibartarrak ezagunak dira Zumaian marea behean dagoenean ere Arranplan bainatzen direlako, poteoa inork baino gehiago luzatzen dutelako eta hondartzan eguzkitan orduak ematen dituztelako azala xigortzen. Baina, adi, rock eskola ederra ere badute herrian, eta hori ere ondo esportatzen dute. Kokein handiak dira horren adibide. Txosnagunean izango ditugu apirilaren 15ean, iaz kaleratu zuten Atomika diskoa aurkezten, euren ibilbideko zazpigarren lana. Ez galdu!
Hirugarren musika-taldea TOC izango da. Mungiako musika eszena iturri ederra da, baita Zumaiako Txosnentzat ere. Iaz Lukiek izan genuen, eta aurten, TOC! 90eko doinuen oihartzuna, rock progresiboa, post-punka eta beste ederki uztartzen ditu laukote bizkaitarrak, baita letra zorrotz eta landuak ere. Gerria eta burua, biak astintzeko aukera izango dugu haiekin, apirilaren 15ean!
Hilabete baino gutxiago falta da... eta bizi-bizirik gaude!