Zumaian banda gorria eta marroia

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Leiza 2019ko eka. 30a, 08:46

Jakinekoa zen arazo hau bazetorrela azken 20 urte ingurutik, baina gaitz hau sortu duen izurritea 1942tik dugu gure artean. Egoera larri honetaraino nola iritsi garen aztertuko dut, eta horretarako baso politikari helduko diot.

Orain 100 urte inguru, terreno komunak zirenak terreno publiko bezala saltzea erabaki zuten garai hartako agintariek, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Eta, normala denez, bertoko baso ia guztiak moztu zituzten dirua ateratzeko. Masa forestala lortu behar zuten nola edo hala. Ikusi zuten Intsini pinua ondo ateratzen zela eta etekin ekonomikoa ateratzeko aukera zegoela. Bertoko zuhaitzez osatutako basoak edo masa forestalak leku malkartsuenetan eta harritsuetan garatu ziren, hau da, laborantzan edo egurra ustiatzeko leku txarrak ziren terrenoetan. Europa mailan Gipuzkoak eta Bizkaiak urrezko domina dute bertoko basoak zatitzeagatik. Ez al duzue inoiz pentsatu zergatik joaten garen Nafarroara perretxikoak biltzera? Eta non ditugun haritzez osatutako bi hektarea inguruko basotxoak? Beno, bada hau gertatzen da, nagusiki, haritzekin osatutako baso mistoa hartu dutelako pinudien plantazioek. Basogintzak bakarrik ez, industrialdeek, herrien zabalkuntzek, errepide nagusiek eta abarrek kaltetu dituzte basoak.

Baso politikak monolaborantza sistema bultzatu du, zuhaitz mota bati lotutakoa.  Baratzea duzuenok ondo ulertuko duzue: izurrite bat sartzen denean, oso zaila izaten da bertotik kentzea. Nolabait, horixe gertatu da gure mendietan. Baratzeetan ez al duzue landareen errotazioa egiten, eta, gainera, ongarritu? Pinudiekin, askotan, ez da errotaziorik izan eman eta leku askotan hirugarren plantazioan gaude. Lurra pobreagoa izateaz gain, osasun aldetik makalagoa da. Basogintzan, oro har, zuhaitz bakarraren apustua egin denez, sektore honek une txarrak pasa beharko ditu.

Diru publikoaren erabileraz ere hitz egin behar dut, uste dudalako gaizki erabiltzen ari garela. Gutxi batzuen artean banatzen dute pastelaren erdia inguru, eta geratzen den zatia beste guztien artean. Baserritarrei lagundu egin behar zaie, baina ez egurgintzako lobbyei. Pinuen krisialdiarekin, naturazaleok aukera bat ikusten dugu politika forestala bide egokietatik eramateko, baina beldur izugarria dugu eukaliptoen plantazio masiboekin. Galiziako herri batzuetan, suteekin eduki dituzten arazoak direla eta, zuhaitz kaltegarri edo inbaditzaile izendatu dute. Europako legediak aldatu nahi dituzte, Espainian eta Portugalen egon diren hondamendien ondorioz. Gure inguruan Mutriku izan da aitzindaria: eukaliptoaren landaketa debekatu nahi izan dute, baina mozioa ez da aurrera irten. Zuhaitzak mozteko sistemak (matarrasak) sortzen duen erosioak lur galera ekartzen du. Lurra denona da, ez ahaztu, ez du jaberik. 10 milimetro lur begetala lortzeko 100 urte behar dira eta euria egiten duenean ikusi besterik ez dago Urola ibaia nola datorren.

Politika aldaketaz hitz egiten dugunean, galdera bat egin behar dugu: zer nahiko dugu mendietan hemendik 30 urtera? Esan beharra dago egindako plangintza forestala ez direla betetzen ari; mendi babestuak izendatu behar zituzten, korridore naturalak landu, eta ez dira ezer egiten ari… Diru publikoa egurgintzako lobbyari zuzenduta dago, eta botoak ez galtzeko klientelismoari.

Mezu positiboarekin bukatu nahi dut: hain kaltetuak dauden pinudien azpietan indartuta dator bertoko basoa, eta administrazioei eskatu behar zaie baso horiek bultzatzeko. Zumaian mendi babestu bezala izendatu beharko lukete Artadiko mendi publikoa, eta, kontserbazioari begira, lur estrategikoak erosi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide