Baina, zer dira nahasmendu edo gaixotasun mentalak? DSM eskuliburuaren arabera —Diagnostical and Statistical Manual of Mental Disorders, diagnostiko psikiatrikorako erreferente nagusia—, oinarrizko prozesu psikologikoetan (motibazioan, kontzientzian, kognizioan, pertzepzioan, sentsazioetan eta beste prozesu askotan) eragiten duten disfuntzio emozionalak, kognitiboak eta/edo portaeraren alterazioak dira.
Definizio lauso horrek oso eremu zabala hartzen du barnean, norbanako desberdinen arazo bakar eta pertsonalak berdindu egiten ditu, eta zehaztasun falta horrek bidea irekitzen die egun erabateko arinkeriaz milaka pertsonari errezetatzen ari diren psikofarmakoei. Alterazioa egoera normal baten aldaketa baldin bada, zein da psikearen funtzionamendu normala? Nork erabakitzen du hori? Non ipintzen dugu osasuntsu eta patologikoaren arteko muga? Normala izaten dena baino denbora gehiago triste egotea? Zein da tristuraren maila normala? Eta antsietatearena? Nola neurtzen da hori? Sufrimendu emozionala izateak, denboran luzatzen bada ere berdin, ez du esan nahi gaixorik gaudenik. Ez ulertzeak pertsona bat zergatik ari den oso-oso gaizki pasatzen ez du esan nahi diagnostiko psikiatriko batekin etiketatu behar dugunik nolabaiteko kontrol sentsazio bat edukitzeko. Gaur egun gaixotasuna artatzen da, sintomak, baina ez gaixotasun horrez gaindi sufritzen ari den izate hori.
Sintomak izozmendiaren punta besterik ez dira, eta zerbait esaten digute, jakinduria bat dute, entzun behar dugun mezu bat daramate. Bizi-zentzuaren arazo bat da, erpin anitzekoa: emozionala, existentziala, filosofikoa, kulturala, haurtzarokoa… baina bakarra eta berdingabea, pairatzen ari den pertsona bezalaxe.
Jakinekoa da buruko gaitzek zerikusi handia dutela ingurunearekin eta arazo sozialekin. Gaur egungo krisi egoera izugarri eragiten ari da gizartean, batez ere sektore ahulenetan. Ni deprimituta baldin banago oso lan baldintza eskasak ditudalako nire lanpostuan, agian ez nuke psikologo baten laguntza bilatu behar, sindikatu batena baizik. Neure errealitatea ulertzen eta aldatzen saiatu behar naiz, eta ez etiketa edo diagnostiko baten atzean ezkutatu, horrela ez aldatzeko aitzakiari eutsiz: “ez naiz ni, ez da nire ardura, gaizki nago depresioa daukadalako”.
Ahalik eta azkarren sintomak kendu nahi ditugu, baina ondoez afektiboa ez da min fisikoa bezalakoa. Ez dugu erauzi behar, kontrakoa baizik; barrura sartu behar dugu, ulertu eta aurre egiten saiatu.