Autoezagutzaren bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Ander Intxaurrondo 2025eko urriaren 11

Ander Intxaurrondok iraileko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 

Eguraldi ona, egun luzeak, festak, bidaiak… Uda garaiak beti ematen digu aukera ohiko errutinetatik atera eta jende gehiago ezagutzeko edo betiko lagun eta ahaideekin harremanak sakontzeko. Eta hartu-eman horietarako, norberaren ahalik eta autoezagutza onena edukitzeak ahalbidetuko digu erabaki zuzenak hartzea eta kudeaketa emozional hobeagoa lortzea.

"Ezagutza posible guztietatik, jakintsuena eta zuhurrena norbere burua ezagutzea da". Shakespearek esan omen zuen duela ia bost mende. Uste dugu ondo ezagutzen dugula geure burua, baina ez da hain erraza. Ikasten goaz, aldatzen, egokitzen… Desberdin erantzuten dugu bizitzan zehar azaltzen zaizkigun arazoen aurrean.

Nolakoa naizen ba al dakit benetan? Iritsiko al naiz neure burua benetan ezagutzera? Autoezagutzaren bidaia infinitua da, bizitzaren amaierara arte arituko gara geure burua ezagutzen. Baina beste pertsonek? Naizen bezalakoa ikusten al naute? Ohikoa izaten da norbaitek gure ezaugarri edo portaera bat aipatuzea eta guk propiotzat ez hartzea. Askotan, gure pertzepzioak ez du ehuneko ehunean gu benetan garenarekin eta besteek ikusten gaituzten moduarekin bat egiten.

Pertsonen arteko harremanetan sakonduz, badago eredu teoriko interesgarri bat lagunduko diguna geure buruarekiko dugun irudi zehatzago bat lortzen: Johariren Leihoa. Hogeigarren mendearen erdialdean garatutako tresna horren helburua da guk geure buruaz dakigunaren eta besteek gurekiko duten pertzepzioaren arteko interakzioa azaltzea.

Johariren Leihoa lau koadrantetan zatitzen da, nitaz ezagutzen den informazioaren arabera, nik dakidanaren eta besteen pertzepzioan oinarrituta:

  • Eremu askea edo publikoa: nik ezagutzen dut eta besteek ezagutzen dute.
  • Eremu itsua: nik ez dut ezagutzen, baina besteek bai.
  • Eremu ezkutua: nik ezagutzen dut, baina besteek ez dute ezagutzen.
  • Eremu ezezaguna: ez nik eta ez besteek ere ez dugu ezagutzen.

Eremu askea da argia eta irekia den bakarra. Hemen sartzen dira agerikoak diren ezaugarri guztiak (janzkera, azal kolorea, ahotsaren tonua…) eta besteei arazorik gabe komunikatzen dizkiegun gauza guztiak ere (ideiak, sentimenduak, iritziak…), Gure jokaera publikoa da eta denontzat dago eskuragarri.

Eremu itsuan besteek ikusten dute, baina ni ez naiz kontziente. Hemen sartzen dira frustrazioak, beldurrak, handikeriak, gutxiagotasun usteak... Konfiantzazko norbaitek zintzotasunez esan ondoren ezagutzen joan gaitezken ezaugarriak dira.

Eremu ezkutuan nik bakarrik dakizkidan alderdiak sartzen dira, besteei ez azaltzea erabakitzen ditudanak. Beldurra izan diezaiokegu gure benetako sentimendu, ideia, fantasia edo izaera besteen aurrean azaltzeari, baztertua edo gaizki ikusia ez izateko.

Eremu ezezaguna da laugarren koadrantea. Besteek ez dakite nitaz, baina ezta nik ere. Gure mundu inkontziente guztia biltzen da hemen, gure alde ezezagun edo deskubritu gabea, dela umetako traumak, instintuak, ahaztutako esperientziak…

Lau eremu hauek dinamikoak dira, hazten edo txikitzen doaz bizitzako momentuaren, harreman motaren edo ingurunearen arabera. Eremu batean aldaketaren bat gertatzen bada, beste guztiei eragingo die. Arau orokorra da eremu itsuan eragin eta eremu askea zabaltzen saiatu behar garela, harremanetan zintzotasuna eta gardentasuna erakutsiz, horrela jasoko baititugu ingurunetik eremu hau elikatu eta hazten lagunduko dizkiguten benetako erantzunak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide