Gure psikea oso konplexua da eta bere oreka babesteko beharrezkoak ditu erresistentziak edo defentsa mekanismoak; beldur, amorru, antsietate eta beste hainbat emozio desatseginetatik babestu ahal izateko. Defentsa psikikorik gabeko mundu batean oso zaurgarri eta ahul azalduko ginateke. Mekanismo hauek guztiak inkontzienteki sortzen ditugu bizitzan zehar, haurtzaroan batez ere, niaren erantzun automatiko modura, egoera zailetara egokitu ahal izateko. Baina arazoak sor ditzakete gehiegi edo era desegokian erabiltzen baditugu.
Hemen Gestalt teoriak aipatzen duen erresistentzia bati buruz ariko naiz. Jende asko identifikatuta sentituko da, nahiz eta hitza ez ezagutu: erretroflexioa. Hitz horrek norberarengana itzultzea esan nahi du, hau da, ekintza blokeatzen duen prozesu psikologiko bat da. Batez ere haserrearekin eta amorruarekin gertatzen da, energia asko askatzen duten emozioak direlako. Baina energia hori ez dugu kanporatzen, dela beldurragatik, gizartearen presioagatik −agresibitateak ospe txarra dauka gizartean−, txikitatik horrela irakatsi digutelako... Ezkutatu egiten dut nire benetako sentipena, emozioa, eta nire gorputza orekara bueltatzeko askatu beharra daukadan energia edo pultsio natural hori irentsi egiten dut, bidea ixten diot, neuregana bueltatzen da.
Nor ez da inoiz sentitu amorruz gainezka, eta nork ez du amorru hori barruan gorde tripak jaten dizkion bitartean? Edo norbaitek min handia egin digunean ere, nork ez du batzuetan ezer ez dela gertatzen esaten? Egoera arruntak dira, baina erantzun hauek gure bizitzan beti errepikatzen baditugu, automatikoki beti berdin erantzuten badugu gure nortasunaren parte bilakatu direlako, kaltegarriak izan daitezke.
"Asko irensten du". "Dena gordetzen du". "Ez zaio inoiz aurpegia aldatzen". Maiz entzuten ditugu horrelako esaldiak. Baina hor barruan zer dago? Adibide bat: amorrua sentitzen dugunean bulkada nagusia norbaiti edo zerbaiti eraso egitea izan daiteke; jotzea, adibidez. Horretarako beharrezko ditugun giharrak inkontzienteki aktibatzen ditu gure gorputzak, besaurrea eta bizepsa, baina energia hori geldiarazi egiten dugunez, erreprimitzen dugunez, gihar horien indarra geldiarazteko beraien aurkakoak tentsionatuko ditugu; adibidez, trizepsa eta eskapula. Beraz, gure gorputzaren bi zati horiek aurkako norabideetan ari dira tiraka, kaltetzen ari zaigun barne borroka gogor batean daude murgilduta. Askotariko egoeretan eta gorputzeko atal batean baino gehiagotan gertatzen zaizkigu barne tentsio hauek, nahiz eta gu kontziente ez izan. Tentsio eta blokeo hauek izango dira askotan gure gorputzean nabarituko ditugun ondoez eta itxuraz arrazoirik gabeko minen erantzule nagusietakoak.
Baina nola bideratu energia hori? Modu egoki bat da zorrotz, zuzen eta errespetuz hitz egitea, nola sentitzen garen azalduz. Hitzak irteten ez direnean, gorputzak hitz egiten du.