Aurreko artikulu batean geure buruaren defentsa mekanismoetako bat aipatzen nuen. Ondo etor dakiguke erabiltzen ditugun prozesu psikologiko horiek ezagutzea eta identifikatzea, geure buruarekiko onarpenaren bidean. Hemen beste bat azaldu nahi dizuet: proiekzioa. Proiekzio psikologikoaren bidez, inkontzienteki nik besteei egozten dizkiet neurezko sentimenduak, bulkadak, hutsuneak edo desirak. Propio bezala ez ditut onartzen, ezinegona edo antsietatea sorrarazten dizkidatelako, eta, ondorioz, kanpora bideratzen ditut oso-osorik norbaiti edo zerbaiti leporatuz.
Etengabe proiektatzen dugu gure bizitzan. Ingurunera egokitzeko eta jasotzen dugun informazio guztia laburtzeko edo gure eskemetan sartzeko beharrezkoa zaigu. Arazoa gehiegizko erabilerak sortzen du, errealitatetik gero eta urrunago bizitzera eramaten baikaitu.
Adibidez, niri kostatu egiten zait dirua gastatzea, gehiago naiz gordetzekoa, baina egunean bizi den eta beldurrik gabe gastatzen duen hori kritikatzen dut: "Arduragabea". Obsesionatuta nago nire gorputzarekin eta sasoian egotearekin, kapritxo gutxi baimentzen dizkiot neure buruari, baina besteen gorputzak kritikatzen ditut: "Ez daukate autokontrolik". Bikote harremanetan, beste norbaitekin desleial izateko tentazioa daukat, baina etengabe nire bikotekideari leporatzen diot besteak seduzitu nahian ibiltzen dela...
Hala ere, besteengandik haserretzen nauen guztiak neure burua ulertzen lagun diezadake. Etiketa batzuen barnean sartzen dut nire izaera, nire nortasunean nagusitzen diren jokaerak dira, eta etiketa horiek hartzen ditut kontuan munduarekin harremanetan jartzeko. Baina nire alde ilunak, gustatzen edo onartzen ez ditudan horiek, ezkutatuta dauzkat inkontzientearen zokorik ilunenean. "Hori ez naiz ni", esaten diot neure buruari, "ni ez naiz horrelakoa". Ausarta naizela diot, baina badut koldarretik ere; eskuzabala naiz, baina baita neurekoia ere; lotsatia naiz, baina batzuetan ateratzen zait lotsagabekeria.
Eta horixe da normalena, denok bizi gara gure itzala proiektatzen modu batera edo bestera. Baina nire barnean hori guztia naiz, osotasun bat naiz, argia eta itzala, biak batera. Nire itzalak ezagutzen eta onartzen joaten naizen heinean errealitateari beste modu batean begiratu ahal izango diot, eta horretarako garrantzitsua izan daiteke gauzak pertsonalki hartzeko izan dezakedan joera murrizten joatea.
Bukatzeko, asko gustatzen zitzaidan nire irakasle psikologo batek esaten zuena. Kontsultara norbait joaten zitzaionean bere arazoak kontatuz eta ardura beti besteengan ipiniz, bera pertsona on eta biktima bezala azalduz, zeharka begiratu eta bere kolkorako esaten omen zuen: "Non ote dauka honek ezkutatuta bere putakumea?".