Eraldaketa posible da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Murga 2022ko ira. 26a, 06:02

Ume koxkorrek badakite pilota etxeko leihotik behera botaz gero lurra joko duela. Naturan ezagutzen ditugun lau oinarrizko elkarrekintzetako bat den grabitazioak eragiten du lurreko gorputzen erorketa. Hain zuzen ere, masadun gorputzen arteko elkarrekintza hori grabitazio unibertsalaren legeak azaltzen digu. 

Hilero etxeko kontuak egindakoan, zumaiar langileok ere badakigu 2008tik hona erosahalmena galtzen ari garela. Gure soldatak prezioak baino askoz gutxiago igo direla konturatzearekin batera, Repsoli eta Iberdrolari entzuten diegu beren mozkinen biderkapenaren aldarrikapen lizuna egiten. Eta egongo da desberdintasunak areagotuz langileria pobretzen duen eta handikiak aberasten dituen egoera merkatuaren legeen arabera azalduko digunik. 
Horrenbestez, fenomeno sozioekonomikoak naturalak bezala halabeharrezkotzat jotzeko joera oso hedatua dago. Haatik, grabitazioaren legea eta merkatuaren legeak ez dira baliokideak. Langile klasea txirotzen duena eta planeta kolapsora daramana bidegabea, bideraezina, suntsitzailea eta harrapakaria den sistema kapitalista da, eta hau ez da saihestezinak diren naturaren legeen emaitza, baizik eta pertsonon hautuen eta hartzen ditugun erabakien ondorio.

 Udatik bueltan, aurretik genituen arazo eta erronka berberak izango ditugu ate joka: larrialdi klimatikoa, gerra, pandemia, egiturazko krisi ekonomikoa, inflazioa, zerbitzu publikoen eta ondare komunaren erauspena eta pribatizazioa, desberdintasunak, pobrezia, goseteak, lan eta bizi baldintzen prekarietatea, autoritarismoak, matxismoa, arrazakeria, xenofobia, demokrazia eza… 

Gure errealitatea ezaugarrituko duten horiek guztiak gu beldurtzeko mamuak bailira astinduko dizkigute komunikabide gehienetan, izutua dagoen jendartea manipula erraza bilakatzen baita eta, otzanki, egoera honetara ekarri gaituzten eta sistema kapitalista bera eta bere ajeak erreproduzitzera datozen neurrien enegarren bertsioa salbatzailetzat har ditzakeelako. 

Alta, errotik aldatu beharrekoa sistema bera da: produktibismo, desarrollismo eta kontsumismo eroen bidetik baliabideetan mugatua den planeta suntsipenera daraman sistema ekozida; desberdintasunetan eta lan eta bizi baldintzen prekarietatean sakonduz krisiaren faktura langileriari ordainarazten dion sistema bidegabea; herritarren bizitzak eta herrien burujabetzak oligarkien interes geopolitikoen eta eliteen pribilegioen mesedetan hondatzen dituen sistema inperialista, kolonialista eta belizista; mugak militarizatzen eta migratzaileak kriminalizatzen dituen sistema xenofobo eta arrazista; biztanleriaren erdia diskriminatu eta baztertzen duen sistema heteropatriarkala. Alegia, bizigarria ez delako bideraezina den sistema. 

Hainbestez, sobera demostratuak dauden grabitazioarena bezalako teoria eta lege zientifikoen gezurtatzea ia ezinezkoa bada ere, egun hegemonikoa den sistema ekonomiko, politiko, ideologiko eta kultural kapitalista, giza eraikina den heinean, inpugna daiteke. 

Ikara, nagia eta erosotasuna uxatuz, gurea da erabakia. Aldaketaren noranzkoa da jokoan dagoena. Bizitza eta Kapitalaren arteko etengabeko gatazkan, natura eta bizitza erdigunean jarriko duen alternatiba eraiki dezagun. Euskal Herrian posible da lurraren muga biofisikoak aintzak hartuz, bazterkeria eta diskriminazio oro ezabatuz, enplegua, zaintza eta ondasuna banatuko duen egitasmoa eraldatzailea eraikitzea. Izan ere, gure lurrean, nazioa bizkarrezur, euskal nazio proiektuari loturik, lan eta bizi baldintzen aldeko borroka burujabetzaren eta independentziaren aldeko borroka delako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide