Hari mutur asko dituen gaia da. Azken sei hamarkadetan gure ibaietako ur emariek behera egin dute, batez ere udazkenean. Garai delikatua da hau ur hornidurari begira, udako agorralditik datorrena. Aurrerantzean beheranzko joera horrek jarraitu egingo du. Gainera, ziklo hidrologikoa intentsifikatu egingo da, eta gero eta zailtasun handiagoak izango ditugu jakiteko ura eskuragarri noiz izango dugun. Horrek, noski, tentsioak sor ditzake erabiltzaileen artean, bai giza jardueretarako erabiltzaileen artean, baita ekosistemekin ere. Ez dezagun ahantz 2000. urteko uraren esparruko zuzentarauak behartu egiten gaituela ibaiei beren funtzionamendurako beharrezko duten ura uztera.
Prezipitazioen datuetan ez da joera garbirik nabarmentzen. Baina tenperaturek igoera argia izan dute, eta horiek zuzenean eragiten dute ziklo hidrologikoko atalik ahaztuenean, ebapotranspirazioan (hau da, uraren lurrunketa eta izerditzearen prozesu konbinatuan). Ikasia dugu guztiok uraren zikloari esker planetan dagoen ura birziklatzen doala etengabe: uraren lurrunketa eta izerditzearen ondorioz, ura atmosferara igarotzen dela eta atmosferako ura kondentsatzen denean euri edota elur moduan lurraren gainean prezipitatzen dela.
Ziklo hori ibai arro eskalara ekarrita, esan dezakegu gure inguruko ibai arro batean urtebetean erortzen den prezipitazioa bi zati nagusitan banatzen dela: batetik, ebapotranspirazioan; eta, bestetik, ibaietatik eta akuiferoetatik dabiltzan ur emarietan (horixe da, hain zuzen ere, hornidurarako erabilgarri duguna). Bankuko gure kontu korrontearekin aldera dezakegu: sarrerak (prezipitazioa) eta irteerak (ebapotranspirazioa eta emariak). Balantze horretan, prezipitazioak ezin ditugu kudeatu (eta hala jarrai dezala!, ez baitu inoiz euria guztion gustura egiten), ezta tenperatura ere, baina bai ebapotranspirazioa; izan ere, azken hori zuzen-zuzenean dago lotuta lurraldearen erabilerei: erabilera batzuek (hazkunde azkarreko espezie exotikoen plantazioek, kasu) ur gehiago behar dute (izerditze handiagoagatik) beste batzuek baino (larreak, kasu). Horrela, beraz, tenperaturen igoerak ebapotranspirazioa handituko du, eta ur eskuragarria gutxitu egingo da. Baina gutxitze horri aurre egitea posible da lurralde erabilerak egokituz, ur gutxiago behar duten erabileren bitartez. Hori bereziki interesgarria da uraren ikuspegitik lehentasuna duten espazioetan, hala nola, ur hornidurarako urtegi edo hartuneak dauden ibai arroetan, babestu beharreko hezegune edo bestelako ur ekosistemak daudenetan...
Horra, beraz, urak bere onera datozenean egin beharreko gogoetarako lehen puntua: uraren kudeaketak ura tutuan sartu aurretik hasi behar luke, ibai arroan bertan.