Ez da herrian izan den lehenengo euskara taldea. Zumaian aldika-aldika beti izan da gure identitatearen zutarria den euskara defendatu, hauspotu, indartu eta biziberritzeko beharra, gogoa eta ahalegina. Horrela sortu zen Zumaian Gerra aurretiko Batzokiko Antzerki taldea; horrela 60ko hamarkadan Ikastola, horrela Bertso Eskola, Euskal Herrian Euskaraz taldea, AEK, Gaueskolak eta azken urteetan Txinparta taldea. Guztiak, euskararen komunitatea hezurmamitu eta euskara biziberritzeko ahaleginetan.
Beti izan bada horrelako talderen bat, orain zergatik ez?
Bada bestelako arrazoiren bat ere. Euskal Autonomia Erkidegoko 1982ko Euskara Legeak Euskal Herriko herritar guztiei euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea aitortzen die: Administrazioarekin euskaraz aritzeko, zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko, hedabideetako emanaldiak euskaraz izateko, lanbide-jarduerak euskaraz izateko…
Errealitateak, tamalez, beste argazki bat erakusten digu askotan: herrira etorri berri den sendagilea edo udaltzaina ez dela euskaraz moldatzen; herri-lanetako kartelak gaztelania hutsean askotan; uda partean, batez ere, kaleetako hainbat kartel gaztelania hutsean; etxeetako erabileran atzera goazela; jolaslekuetan gero eta gaztelania gehiago entzuten dela umeen artean… Eta horien ondoan, baita albiste pozgarriak ere; esate baterako, herriko gazteen artean erabilerak gora egin duela azken urteotan.
Hizkuntza handien alboan txikiek inertzia beti kontra dute. Nahikoa dugu ahulezia txiki bat, arnasa hartzeko geldiune bat guk utzitako tokia hizkuntza handiek har dezaten. Zaila da bizitza osoan bakarrik borrokan ibili behar izatea eta erraza, berriz, erosoa, hizkuntza handiren baten aterpean babestea. Historiak erakutsi digu, ordea, eta horren adierazle oso garbia izan dugu iazko Euskaraldia, euskal hiztunak (euskara hitz egin eta ulertzen dugunok) batu eta elkarrekin aritzen garenean, errazagoa egiten zaigula hizkuntza handien erasoei aurre egitea.
Horra, bada, bigarren arrazoia. Herrian euskara taldea izateak onura ekarriko digu euskararen komunitatea sendotu eta erabilera indartzeko.
Zer egin behar du gaur euskara talde batek?
Azken urteotan askotan entzun dugu euskalgintza krisian dagoela. Egia da, baina nik esango nuke, beste hainbatek bezala, krisi aktiboan dagoela. Badakigu orain arteko bideari beste norabide bat eman behar diogula, geldialditik atera eta egindakoa sendotzeko. Baina, aldi berean, euskararen komunitatea bizirik dago, aktibo, bide berrien bila. Hori da nik Larraina taldeari hartu diodan tankera. Bide berrien bila lan egiteko gogoa.
Euskararen komunitatea aktibatzea da erronka, duen egitekoaren kontzientziaz jabearaztea. Horretarako, eragile lanak egin, euskararen komunitatea akuilatu, erabilera sustatu eta euskararen komunitatetik aparte dauden herritarren konplizitatea bilatu behar da; adostasun sozialak lortu behar dira. Eta, aldian-aldian hizkuntza eskubideak aldarrikatu ere bai.
Ezkortasuna albora utzi eta bizipoza erakutsi behar dugu, eta hori antzematen diot Larraina euskara taldeari.
Ongi etorri, Larraina euskara taldea! Ibilbide oparoa izan dezazuela opa dizuet herriko euskararen komunitatea indartzeko eta sendotzeko hartu duzuen lanean.