Ondo aspaldikoak dira nire Baleikeko garaiak. Webgunean aldizkari zaharretan begiratu eta ikusi dut 1998an sartu nintzela. Aldizkaria 1994an martxan jarri zuen taldea ahitzen hasia zen eta lehenengo errelebokoa izan nintzen. Hasi eta berehala, hogei urte eskasekin, elkarrizketatzera joan eta sekulako bronka bota zidan alkateak (ez zion aldizkariak graziarik egiten). Gogoan dut Forondan zela bulegoa eta Igor Uranga zela gehien ikusten nuena, DVko korrespontsal gisa hasteko utzi zuen arte. Gero Juan Belmonte kalera jaitsi ginen, itxi berria zen “Edurne” janari dendako lokalera, eta hor sorrerako taldeko gainerakoak berriro ere agertzen hasi ziren bueltan-bueltan: Kattan kazetari gisa, Waliño norabidea markatzera, Xabi Azkue diru kontuekin…
Ilusioa egiten zidan kazetari lanak. Batzuetan kontu aspergarriagoak ziren: Txikierdiko biribilgunea egingo zutela, bariantearen enegarren proiektuak aukerak zituela aurrera ateratzeko, Zumaiakoko entrenatzaileari elkarrizketa… Baina tarteka baita gauza politak ere: Italiako San Quirico In Collinara zumaiar autobuskadak egindako anaitze bidaiaren kronika, Ihintza tabernako komunetan egin zuten erakusketaren albistea, Kilimanjarorako espedizio zumaiarraren 25. urteurrenari buruzko erreportajea… Mantxik izaki unizelularra, gafosoa eta konpainiarekin egiten zituen komikiak mitikoak ziren, kaleko inkesta batzuk antologikoak… Esango nuke aldizkari txukun bat ateratzen genuela, ederki maketatzen zuen Argi Aizpuruak, eta bolada batean hamabostekari bihurtzea lortu genuen (kontratu txiki bat ere egin ziguten hilabete gutxi batzuetan, nire bizitzako lehen lan kontratua).
Nahikoa kaotikoa zen dena, bronka gehiago tokatu ziren, egoera gogorren bat ere bai, artean berde samar geunden, eta pixkanaka erretzen joan ginen. Bost urte bertan egin ondoren, geu ginen erreleboa behar zutenak.
Gogoan dut gure taldearen despedida moduko bat suertatu zen 100. zenbakian aldizkariaren etorkizunari buruzko kezka agertzen zuela Kaxkajok, gu egon ginen bitartean sortzaileen artetik gutxien ikusi genuenak, eta krisi egoeraren aurrean berak tira zuela aurrera.
Ia hogei urte eta beste berrehun zenbaki pasa dira ordutik, baina oraindik hor dabiltza bueltaka Kattan eta Kaxkajo. Ez daukate meritu makala. Ehunka lagunek hartuko genuen parte proiektuan urte hauetan guztietan, baina benetan kontatzeko modukoa dena duela hogeitasei urte aldizkaria sortu zuen gazte talde hark Baleikerekin bizi izandako maitasun istorioa da. Aldizkariaren kredituetan begiratu eta Xabi Azkue agertzen da lehendakari gisa. Waliño ez da agertzen, baina pentsatzen dut egingo ziela bisita…
Ni EHUn Kazetaritzako irakasle nabil orain, eta noizbehinka ikasleei Baleikeko adibideak jartzea gustatzen zait. Duela urte mordo bat nire bizitzaren zati bat bertan egin nuelako ere izango da, akaso, baina baita ere aldizkari txiki batean oso gauza profesionalak egin daitezkeela erakusten dutelako, edota, Baleike, euskarazko tokiko informazioaren lanketari dagokionez, Euskal Herri mailan eredutzat hartzen delako ere bai.
Webguneak daukan bisita kopurua, esaterako, harrigarria da. Zumaiarrei zuzenduriko eskaintza izanik, euskarazko prentsak duen webgune bisitatuenetako bat izatea lortu dute. Aldizkariak herritarren eta herriaren bizitzaren parte izaten jarraitzen duela erakusten du datu horrek. 300 zenbaki aterata, bertako paisaiaren parte ere bada dagoeneko.