Nikaraguan ez dago lanerako aukera handirik; nire ahizpak hemen, Euskal Herrian, bizi ziren eta beraiek esanda etorri nintzen. Hemen lan bat zain nuelako egin nuen bidaia; hona etorri eta hurrengo egunean lanean nintzen jada, Getariako negutegi batean. Zumaiara bikotearekin etorri nintzen, hemen ezagutu nuen mutil batekin, familia eratzeko asmoarekin. Ume txiki bat dugu elkarrekin.
Jaioterritik kanpo egona nintzen hona etorri aurretik; Costa Rican hiru urtez egin nuen lan, baina nire familiak bazekien etxera itzuliko nintzela. Euskal Herrirako bidaia egin nuenean penarekin hartu zuten, beti bidaiatzen ikusten nindutelako, ez nintzelako han bertan egonkortzen. Hamabi anai-arreba gara, eta zortzi geratzen dira han. Besteok asko mugitu gara; han geratu direnak etxekoiagoak dira eta finkan geratu dira lurra lantzen. Ez dira bidaiatzera atrebitzen.
Asko gara familian. Gure aitak izan zituen bikote guztien seme-alabak batuta 76 anai-arreba gara. Aitaren azken bikotea izan zen gure ama, eta hamabi anai-arreba gara etxean. Gure aita 75 urterekin hil zen, nik 15 urte nituela. Anai-arreba guztiok ondo konpontzen gara. Aita hil zenean, hiletan, 50 edo ezagutuko nituen. Denetik dago gure artean: abokatuak, medikuak, farmazeutikoak... Kazetariak daude, beterinarioak... Denak ere heziketa aldetik ondo prestatutakoak, gu izan ezik. Azkenak izan gara; hil zenean Bigarren Hezkuntzan nengoen, eta utzi egin behar izan nuen etxean laguntzeko. Aita hil izan ez balitz, ez dut uste mugituko nintzenik.
Jaioterrira itzultzeko ilusioa badut. Ume bat dut, eta beste bat dator bidean. Lursail bat ere erosi dut han, Nikaraguan. Baina familia hemen dut; mutila hemengoa da, umeak ere hemen jaio dira. Familia hemen osatzeko aukera gehiago daude han baino.