Ezbai unibertsal horrek izan du ordainik Zumaian, gure txikian. Zeintzuk dira adierazpenen mugak, nork ezarri behar ditu? Eta nola eta zeinen izenean? Zer da espazio publikoa eta pribatua? Zer zikin eta zer garbi? Hamaika galdera pareta baten bueltan. Garai, geografia eta esparru guztietan gertatutakoa, ezaugarri ezberdinez, baina talka bera funtsean: debeku hotsak goitik eta sorkuntzarako deiak behetik.
Azken urteotan, tamalez, asko eta askotarikoak izan dira adierazpen askatasuna murrizteko arauak eta saiakerak. Antzerkian edo musikan, Altsasun edo Katalunian, kalean edo sarean, kazetari, txiolari edo txotxongilolari… Baina azken aldiko interesgarrienetako bat Bilboko jaietako C. Tanganaren kontzertuak piztu du. Berezia, debekuaren aldeko ahotsak “goitik eta eskuinetik” baino, “behetik eta ezkerretik” heldu direlako; bateko eta besteko iritzi eta (sarri) irain trukaketa itzelaren erdian.
Madrilgo musikaria ezagutzen ez duenarentzat: urrezko katez eta emakumeen ipurdiz inguratuta agertzen diren AEBetako alfa ar raperoen enegarren aldaera afrusa kastizoa da, autotunez eta Lacosteko kokodriloaz apaindurik. Haren kantuak "matxistak, patriarkalak eta emakumeekiko mespretxuzkoak" direla iritzita, zenbait talde feministaren eta alderdi politikoren kontrakotasunak, sinadura bilketa bat tarteko, lortu zuen Bilboko Udalak kontratatutako kontzertua Udalak berak bertan behera uztea.
Bo, egiari zor, Tanganak bat baino, azkenerako doako bi kontzertu eskaini ditu Bilboko jaietan. Santana 27 musika areto pribatu ezagunean, jendez goraino beteta. Hura ordezkatzeko Pedro Capó aukeratu zuen Udalak. Maitasun erromantikoaren aldaretik, beti gorpuzkera bereko emakumez inguratuta, abesten duen Los 40-rako produktua. Kantetan bikotekide ohia jeloskor jartzeko, beste emakume batzuekin irteteaz aritzen dena, adibidez. Matxismoaren toxikotasunaz, zenbait akordez lagunduta, alegia. Bilboko egitarau ofizialaren barruan ere jo zuen Bebek, “emakumeek denbora galtzen dute biktimarena egiten eta feminismoarekin bat egiten”, dioenak. Horiek ez dute polemikarik piztu.
Tanganaren debekuak eragindako eztabaida bera izan da interesgarriena eta horren barruan galdera hau: erakunde publikoek matxismoari, arrazakeriari edo faxismoari ahotsa (eta dirua) eman behar diote? Nekez esango du inork baietz, publikoki bederen, baina… beti dago baina bat. Lehen galdera, betikoa: zeinek eta nola erabakitzen du mezua patriarkala, xenofoboa edo nazia den? Baina demagun, adostasun handia dagoela esateko, baietz, hark edo horrek eszenatokitik dioena kolektibo bat azpiratzeko asmoa duela. Orduan, zer? Ba, horiek ez kontratatu, ezta? Ados. Baina horrela ez bada, kontua korapilatu egiten da, Tanganaren kasuan lez, emanaldia adostuta eta iragarrita dagoenean. Izan ere, politikari batek musikari bati mikroa kentzea, ekintza zatarra delako. Adostasun handia izanik ere.
Tangana egitarautik kentzeko eskaerak 16.000 sinadura bildu zituen sarean. Eta gizon honen ustea da –barka atrebentzia– milaka lagunek, sormena eta ekintza zuzenaren bitartez, ariketa pedagogikoagoak egin ditzaketela eztabaida eta borroka zahar honetan bestelako aterabideak bilatu eta aurrera egiteko. Besteak beste, matxismoak lekurik izan ez dezan eszenatoki publikoetan, ezta areto pribatuetan ere.