Iratzargailua

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Lizeaga 2020ko ots. 17a, 10:00

Goizeko 8ak eta erdiak dira. Galeriako zeldetako mirillak zabaldu eta errekontua hasi dute, banan-banan. Ez dago iratzargailuaren beharrik, zarata sobera dago lo sakonenean dagoen presoa ere esnatzeko. Zurea ireki dute eta segundora itxi; barruan zaude, ez duzu ihes egin.

Handik 15 minutura ate guztiak ireki eta gosaltzera jaitsi zara. Kafesnea, udare bat eta 8 gaileta daude menuan. Gaur, hala ere, espetxeko janaria jateari uko egin diozu, baina ez da baraualdia. Eginak ditugun arren, gaurkoan ez da halakorik izango arrazoia. Goizean esnatu zaituzten haiei pare bat kontu gogorarazi nahi dizkiezu eta gutxienez normalitatetik atera, bai gure eguneroko errutina, baita beraiena ere.

Mahaian eseri eta astebeteko atzerapenarekin heldu diren Garak irakurtzeari ekin diozu. Ez dago “Amazon Prime”-rik hemen. Nahiz eta notiziek egunerokotasunetik galdua duten, balioko dute Euskal Herriko panoramari begiratu eta egunari minutuak lapurtzeko.

Tabakoa, kafe bat edo telefono deiak egiteko txartela eskatzera pasatu dira preso sozialak. Gaur eman diezu, egun berezia da. Hala ere ziur naiz biharkoak ere izango duela berezitik zerbait. “Jende xeheari bizitza txikitzeko guneak” (Hedoi Etxarte, Berrian) diren bitartean, hobe elkar txikitzen ez baditugu gureak.

Egunkari guztiak irakurri ostean, ilaran jarri txanda hartu eta Telefónicako kabina noiz libratu zain geratu zara. Aste osoan egin zenitzakeen 8 deietako bat egin duzu. Kontaktuen zerrenda ez da oso luzea, órdenes del subdirector de seguridad. Behar handirik ere ez dago, perfume eta benenoak flasko txikitan. 5 minutuko deiak neguko hotz handienak ere uxatzen ditu eta dei hau ere halaxe izan da. Xelebrea, hain denbora gutxian dena kontatzeko dei hauek duten gaitasuna.

Patioko neurri guztiak aztertzeko denbora sobera izan duzu, baita kilometro batzuk egiteko aukera ere, bazkaltzeko ordua heldu den arte. Mahaietan eseri eta konturatu orduko zeldan. Gaur, ordea, urtarrila da eta zeldek ez dituzte neurri berdinak izaten. Telebista piztu duzu, baina ez da eguraldiaz harago Euskal Herriko notiziarik. Euria emana dago, Bilboko manifek ohitura duten moduan. Baionan zertxobait hobea.

Zapatak busti eta aterkirik eramateko aukerarik ez da Aranjuezen, Puerton edo Mont de Marsanen. Jasotako tanta horiek sortutako elkartasun olatuak biltzeko itsaso erraldoientzat dago lekua, ordea. Tanta bat bera ere ez da sobera eta halaxe gertatzen da urtarrilero Bilbon eta Baionan. Maitasunak eta elkartasunak betetzen ditu ume baten baino gehiagoren motxilak. Baita hain umeak ez direnenak eta espetxean egunak, hilabeteak edo urteak daramatzenenak ere.

Guk mundu berri bat daramagu bihotzean eta ez du oraindik amaitu ez den errepresioaren kolorerik. Gureak gehiago du martxoaren 8ko moretik, urtarrilaren 30eko gorritik edo mugimendu ekologistatik.

Bitartean, Andaluziaraino joaten diren autobusetan, hilabeteko azken ostiraletan, vis a visetan eta ongi etorrietan egongo gara. Hutsik ere egin gabe. Negar gasen mende gaudenak ez gaude oker eta iritsiko da iratzargailuak esnatuko gaituen eguna.

Haize berriak heldu dira eta jokoz kanpo daude iraganeko errezeta zaharrak. Gureak Ebro eta Aturri artean topatu beharko ditugu arren, bai hemen, baita Katalunian ere, mobilizaziotik, imajinaziotik eta elkartasunetik sortuko dira lasterbide berriak.

“Mas no importa –dijo Dick Turpin–, huiremos por la claraboya”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide