Darahlik 31 ume saharaui ekarriko ditu Zumaiara asteburua pasatzera

Aste Santuan Tindoufen izan ziren Darahliko kideak.

Larrabetzuko Bakeleku  udalekuan daude haur sahararrak Darahliko hainbat begiralek zainduta. Asteburuan hainbat ekintza egingo dituzte Zumaian eta Zestoan.

Dakizuen bezala, Sahararen aldeko Zumaiako Darahli elkarteak urtean zehar sentsibilizazio eta laguntza humanitarioko proiektu ezberdinak aurrera ematen ditu; besteak beste, familien arteko  senidetzea, mikrokredituak emakume eta gazte saharauientzat, janari-medizina eta eskola materiala bilketa,e.a. Honez gain, hiru urtean behin gazte talde handi batekin Tindufeko Saharar errefuxiatu kanpamentuetara bidaiatu eta bertan proiektu ezberdinak gauzatu. 2018ko apirilan 75 gaztekin izan dugu azken bidaia eta benetan esperientzi pertsonala izugarria izan da guztiontzat.

Eta gazte horiek aurten  Larrabetzukoko Bakeleku Udalekuan daude monitore lanak egiten; 9 eta 12 urteko 31 ume saharaui bertan daudelarik.  Esperientzia honetan 60 gaztek parte hartuko dute, hamar asteko taldetan banatuta eta txanda bakoitzean 6 edo 7na. Hasita daude lehen txandakoak, oso gustura daude eta beraiek ematen eta laguntzen dutena baino, haiek umeengandik gehiago jasotzen baitute, hala diote behintzat.

Bakeleku Udalekua Larrabetzuko herri eskolan kokatuta dago. Bertan 31 ume, bi arduradun saharaui, sukaldari bat eta 6 edo 7 Zumaiako Darahliko monitore daude.  Hauek dira egin beharrekoak: eguneroko ohiko ekintza guztiak gestionatu (janariak, gelak, arropa garbitu eta jaso, garbiketa orokorra, umeak dutxatu,… ), kirol eta tailer ezberdinak antolatu, irteera ezberdinak egin: igerilekura, hondartzara, inguruko herriak ezagutzera. Eta nola ez, ume guztiak mediku azterketa egitera eraman, bereziki batzuk dentistarengana, beharra handia baitute.

Uztailaren 13, 14 eta 15ean Zumaiara aste-bukaera pasatzera etorriko dira eta gazte hauen familietan lo egingo dute. Hau da egun hauetan daukagun plangintza:

Uztailak 13, ostirala:

- Egun pasa Usurbil eta Zubietan.

- 19:00etan ume saharauiak Zumaiako familietan banatu.

 Uztailak 14, larunbata:

- 10:00etan barku irteera.

- 12:00etan Zumaiako Udalan harrera alkate, zinegotzi eta Darahli elkartearen partez.

- 13:00etan Santio hondartzan jolasak eta bazkaria.

- 19:00etan ume saharauiak familietan banatu.

Uztailak 15,igandea:

-12:30etan Zestoara egun pasa, bertan Udalan harrera egingo zaie, eta ondoren puzgarriak eta herri bazkaria izango da.

Darahli elkarteak Zumaia eta Zestoako herritar guztiei ekintzetan parte hartzea gonbidatzen die.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide