Bidea

Erabiltzailearen aurpegia Eire Maia Manterola 2022ko mar. 22a, 05:01

Zerk egiten gaitu gu? Zergatik gara garena? Ziur noizbait pentsatu duzula ea nor zaren edo nola hautematen zaituzten. Agian, egunen batean zeure burua barrura begira topatzen duzunean, erantzunen bat jasoko duzu, edo ispiluaren aurrean, beste norbaiten ahotik... Iraganean izan garenak egiten gaitu, gure inguruko eta joan direnek ere egiten gaituzte, puzzle bat izango bagina bezala, baina nola batu pieza horiek guztiak? Gu gara galdera, baina baita erantzuna ere.

Ziurrenik aldaketa etengabe batean bizi gara, baina izanaren esentzia ez da aldatuko. Gertakizunek eta gure erabaki propioek definitzen gaituzte, egiten ditugun gauzek edo egin gabe uzten ditugunek. Bizitzak jartzen digu erritmoa eta gu bere martxan goaz. Hala ere, askotan zaila da barruko horri hitzak jartzea, eta are gehiago bihotza ahotik kanporatzea.

Nor izan nahi dugun pentsatzeak egun nor garen ere esaten digu, zer garen eta zer falta zaigun jakiteak. Geure burua gehiago ezagutzen dugula pentsatzen hastean, zulo batean murgiltzen gara: pixkanaka, geroz eta barrurago joanda, handiagoa egiten da, eta ohartzen gara uste baino gutxiago dakigula. Azken finean, zulo horren amaiera topatzea baino gehiago, bidea da gu egiten gaituena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide