Kaiolatik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Eire Maia Manterola 2022ko ira. 26a, 06:01

Badakigu nondik gatozen, baina nola jakin nora goazen? Soilik kapitala erdigunean jartzen den honetan, non kokatu geure burua? Gizarte honetan helmugarik gabeko etengabeko lasterketan gabiltza, hor tartean, nonbait, gure lekuarekin topo egingo dugun zorian. Mila bide gure oinen pausoetan, baina nola iritsi izan nahi dugun horretara? Oso erraza da hutsunearen zuloan erortzea, ezerezean.

Ezarri zaigun bide hartatik urruntzean, identitate krisi batean murgiltzen gara. Beti helarazi izan digute mezu bera, zer koadrotan mantendu behar garen eta nola jokatu behar dugun. Horregatik, aurretik izandakoa deseraikiz eta izan nahi duguna abiapuntutzat hartuz sortzen dugu gure etorkizuneko pertsona, marea eta korronte nagusitik ihesiz.

Mugitzen ez denak kateak sentitzen ez dituela diote, gizartearen kaiolatik haratago dagoen ortzi muga baita hainbatek jarraitzen duguna. Askotan, gu geu izatea sistemaren aurka borrokatzea da, eta horrek erakusten digu bidea zein den, nahiz eta askotan bere ordaina izan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide