Ohean idazteaz

Erabiltzailearen aurpegia Eire Maia Manterola 2026ko apirilaren 7a

Eire Maiak otsaileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Batzuetan zintzoa izan nahiko nuke nire buruarekin, eta nire gelan noizbait izan naizenaren arrastoren baten bila hasten naiz. Orduan pentsatzen dut: garai hartan ere, orain ez naizen hori nintzela pentsatuko ote nuen nire buruaz? Ile luzearekin zein motzarekin ohean etzanda ikusten naiz, beste koaderno batekin, beste mobida batzuez idazten. Batzuetan pertsona haren inbidia ere sentitzen dut.

Garai hartako niak ez zekien oraingoak dakien erdia, baina ziurtasun handiagoarekin adierazten zen edozeren aurrean. Lehengo pertsona hori maiz saiatzen da nire ahotik hitz egiten, eta nik, nahi gabe edo nahita, hasi duen esaldi beraren amaieran 'baino bueno' bezalako lasaigarriren bat gehitzen diot, orain naizenaren aztarna azpimarratzeko.

Abestien hitzak entzuten ditut inguruko pertsonetan pentsatzeko. Esaldi honek ama gogorarazten dit, besteak aita. Gehienetan ahaztu egiten zait entzuten ari dena ni naizela. Antzeko zerbait sentitzen dut iraganaz pentsatzen dudanean; nire gelako gauzek lehen nintzena oroitarazten didate, baina ni naiz haiei begira dagoena. Gelako objektu horiek berriz neureganatu behar ditudala besterik ez dut pentsatzen. Ohean etzanda idazteko ohitura galtzen ari naiz, eta agian hori da behar dudan bakarra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide