Gerra Zibila zen garai hartan, eta Zumaian fronterik izan ez bazen ere, nazionalek herria hartu zutenean hamaika abertzalek eta errepublikazalek, emakumeak eta umeak gehienak, ihes egin behar izan zuten frankisten hatzaparretan eroriko ez ba ziren. 80 urte izango dira ordutik eta gertakizun tamalgarri hura gogora ekartzeko hainbat ekitaldi antolatzea erabaki dute Erkibe Kultur Taldeak eta Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak elkarrekin. Horietako batean Kale antzerkia egingo da eta horretan garai hartako giroa eta ihesa antzeztuko dira. Antzerkirako arropak eta antzezleak behar dira. Batez ere emakumeen arropa zaharrak, berokiak, gonak, blusak... Garai hura irudikatuko duten arropak. Hori dela eta, dei egiten diegu herritar guztiei, horrelako arroparik izanez gero, hilaren 18, 19 eta 20an BEHEKO PLAZA Pentsionisten eta jubilatuen etxean jasoko dela arropa arratsaldeko 5etatik 7ak arte. Antzerkia egin eta gero, horrela nahi izanez gero, arropa itzuli egingo zaio jabeari. Horretaz gain, herritarren batek antzerkian antzezle izan nahi badu, egun horietan eta leku horretan eman ahal izango du izena. Horrelako arropak dituzten herritarrak laguntzera animatzen ditugu, ea guztion artean gure memoria historikoari zor dioguna ematen diogun.