Gure gutunak herrian sortu duen suak arduratuta, alde askotako informazioa jasotzen ahalegindu gara (gutuna argitaratu aurretik egin behar izan genuen ariketa hau), eta horren ondorioz zenbait argibide eman nahi ditugu.
1.- Jaso genuen informazioan gaizki ulertu bat izan zela gure aldetik, hau da, ez genuela behar bezala interpretatu eman ziguten informazioa eta horrek eragin zuela gainerako guztia.
2.- Informazio zabalagoa jaso ondoren, baieztatu behar dugu ez zela atzerriko gazteekiko inongo tratu bortitzik izan inongo udaltzainen partetik. Eta izandakoa udaltzainen baten eta gertatutakoaren berri eske joan zen herritar baten arteko ika-mika izan zela.
3.- Horren aurrean gure barkamena eskatu nahi diegu, batetik, Udaltzaingoari eta batez ere gertakizunetan izan ziren udaltzainei, egun horretako beren portaera zalantzan jarri genuelako eta haien irudi publikoari kalte egin geniolako; bestetik, informazioa eman zigutenei, gure gaizki ulertuak eragin dizkien gorabeherengatik.
Ez dugu, ordea, gure barkamen gutun hau bukatu nahi gure buruari egin diogun galdera guztioi egin gabe. Zer gertatuko ote zen lotan kutxazain automatikoak dauden gune horretan euskaraz edo gaztelaniaz ez zekiten gazte beltz afrikar batzuk egon ordez gazte euskaldun dokumenturik gabe batzuk egon izan balira? Ertzainari deitu eta atxilo eramango genituen identifikatzeko? Edo naturaltasun osoz deitu eta esango genien “Ea gaztiak, zer egiten dezue hemen? Hau ez da gaua pasatzeko lekua, altxa, eta segi salda hartzea”
Beharrezkoa ote horrelako gazteak atxilo hartzea eta ertzain-etxera eramatea, egin duten delitu bakarra bizirik irauten ahalegintzea izan bada? Jar gaitezen gazte horien lekuan.
Bukatzeko, barkamena eskatu nahi diegu gure idatziaren bidez mindu ditugun guztiei eta hurrengoan zuhurrago jokatuko dugula agintzen dizuegu.