Abenduko hilaren hogeita lauan…

Erabiltzailearen aurpegia Gabon Korua 2021ko abe. 17a, 07:47

Gabon Koruak Parrokian 1730etan burutuko duen kontzertu batekin emango dio hasiera bere saioari Gabon Egunean.

Egunak aurrera doaz eta datorren astelehenean, 20:30ean, egingo dugun azken entsegua ez zaigu besterik falta. Azken entsegua hau San Pedro parrokian burutuko dugu Gabon Egunean bertan emango baitugu kontzertu txiki bat aurten eskainiko ditugun abesti guztiekin.

Ez da hau izango aurtengo berrikuntza bakarra. Honen ondoren egingo dugun kalejirak ere ibilbide berria izango du, Aitzuri Pilotalekuaren ingurutik hasi, Victoriano Arrate kaletik igaro eta Beheko Plazara gerturatzen joango gara. Ondoren, Erribera kaletik joango gara, bizpahiru geldialdi eginez, Ondartxo Plazan kalejirari amaiera emateko.

Errepertorioari dagokionez Gabon Koruko klasikoak izango dira honen ardatz nagusia: Kanta kantari, Belenen, Gaur Gabon arratsa da, Gabon Gaba, Egin maite…. Berrikuntza moduan Xabier Sarasolak moldatutako Belengo herri polita abestuko dugu, gainera parrokian Maria Zubimendiri eta Mari Carmen Azpeitiari esker Beasaingo egileak idatzitako eskusoinu eta pianorako akonpainamenduarekin entzuteko aukera izango dugu, Tirol-era bidaiatzeko aukera emanez. Honez gain, badugu beste abesti berri bat, honetarako ordea ez du bidaiatu beharko, Niño Jesusen eskean aspaldidanik abesten diren hiru doinuen pot-pourria baita Iker Gonzalezek moldatu duena. Atez ate Gabonetan izenburuarekin.

Ezin dugu ahaztu Gabon Koruak behartsuen aldeko diru bilketa egiten duela. Azken urteetan Zumaiako Caritasek burutzen du lan hau. Hau egiteko bi kontu korronte ditu irekita: 2095 5174 91 1060984019 (Kutxabank) eta 3035 0037 430370038050 (Laboral Kutxa). Honez gain, aurreko urteetan bezala mahaiak Erribera Kalean jarriko ditu Gabon arratsean ekarpenak jasotzeko.

Osasun egoerak ahalbidetzen baldin badu behintzat, Amaia Aldalurren zuzendaritzapean, laurogei ahotsetik gora izango gara gure herriko kaleak musikaz betetzen Gabon arratsean. Gonbidatuta zaudete!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide