Hilezkortasunaren fikzioa

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2018ko abe. 1a, 12:00

Etxeko sukaldean nago. Kafe bat behar dut bazkalondorengo lo kuluxkak utzitako nagia gainetik kenduko badut. Kafe makina lanean ari den bitartean irratia piztu dut. Likore marka baten iragarkiari buruz ari dira berriketan. Nonbait, zeresana eman du iragarkiak, berez esperimentu soziologiko bat omen da: ustez harreman estua duten lagun min edota senide diren pertsonak bildu dituzte; besteak beste, galdetu diete zenbatean behin ikusten duten elkar, eta kalkulatu diete hil arte gelditzen zaizkien urteetan (batazbesteko bizitza itxaropena oinarri hartuta, noski) elkarrekin zenbat denbora pasako duten. Emaitza ez dute espero: 80 egun pasako dituzte batzuek, pare bat aste beste batzuek, 72 ordu... Hunkitu egiten dira, oso gutxi dela iritzita: "Zerbait egin beharko dugu; gehiago ikusi behar dugu elkar". Eta amaierako mezu horrekin batera dator likorearen irudia, iragarki bat ikusi dugula akordarazteko.

Esperimentua zuzendu duen psikologoa gonbidatu dute irratsaiora, eta ariketaren muinean sakondu du: "Gaur egungo gizarteak korrika bizitzera behartzen gaitu. Behar hutsalak sortzen dizkigu eta sinestarazten digu haiek lortu arte ez dugula bakerik izango, ez garela zoriontsu izango. Eta, lasterketa horri eusteko, gure bizitza objektuz eta gailu liluragarriz bete ahal izateko, maite ditugunekin egoteko denborarik gabe gelditzen gara. Ez gara ohartzen bizitzeko eta zoriontsu izateko ezer gutxi behar dugula: ura, jatekoa, aterpea eta maitasuna. Daramagun bizimoduarekin uko egiten ari gara zoriontsu izateari. Agian, ez garelako ohartzen gure bizitza laburra dela. Agian, hilezkortasunaren fikzioan bizi garelako. Askotan, esperientzia dramatiko bat, minbizia edo istripu larri bat, behar izaten dugu honetaz guztiaz jabetzeko, gure balioak benetan aldatzeko".

Kafez betetako katilua eskutan hartu eta ordenagailu aurrean eseri naiz. Interneten nabigatzen hasi orduko ohartu naiz segika dauzkadala bezperan denda digitaletan ikusitako argazki kamera modelo berria, soilik 24 orduz erdi prezioan dauden zapatila koloretsuak eta, nola ez, hurrengo urteko oporretarako begiratzen egon nintzen itsasbidaiaren iragarkia, "haurrak doan, ez galdu aukera". Eta jakin badakit, zakur amorratua baino tematiagoak direla iragarkiok, eta Interneteko azken txokoraino jazarriko nautela, black friday, merry christmas, "yo no soy tonto" eta happy new year sales... Hilezkortasunaren fikzioaren izenean, amore eman eta egun bateko, astebeteko edo hilabeteko soldata klik alu batean xahutu arte.

Eta orduantxe akordatu naiz aspaldian ez naizela amarenera joan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide